Itxi

Txirrindularitza

Poloniako Itzulia

Matej Mohoric izan da indartsuena Karpaczerako igoeran, Poloniako Itzulian, eta lider jarri da

EITB MEDIA

Bahrain-Victorious taldeko txirrindulari esloveniarrak Joao Almeida UAEko portugaldarra menderatu du azken metroetan. INEOS taldeko Michal Kwiatkowski helmugaratu da hirugarren postuan, eta Jonathan Lastra (Cofidis) hemeretzigarren tokian sartu da, 41 segundora.

  • Matej Mohoricek irabazi du Poloniako Itzuliaren bigarren etapa. Argazkia: EITB Media.

    Matej Mohoricek irabazi du Poloniako Itzuliaren bigarren etapa. Argazkia: EITB Media.

Bahrain-Victorious taldeko Matej Mohoric txirrindulari esloveniarrak irabazi du igandean 2023ko Poloniako Itzuliaren bigarren etapa, Karpaczen, eta sailkapen nagusiko aurreneko postuan jartzea lortu du, gainera. Mohoric, azken igoeran, UAE Emirateseko Joao Almeida portugaldarra menderatu du; Almeida bigarren tokian helmugaratu da, eta postu horretan bertan dabil sailkapen nagusian. INEOSeko Michal Kwiatkowski poloniarrak egin du hirugarren, eta Jonathan Lastra (Cofidis) hemeretzigarren sailkatu da.

Jacopo Mosca (Lidl-Trek) eta Lorenzo Milesi (DSM- Firmenich) italiarrek, Team Novo Nordisk taldeko Sam Brand britainiarrarekin batera, eguneko ihesaldia sortu dute. Ia hamar minutuko aldea ere izan dute, tropelarekiko, eta, berez, helmugarako 24 kilometro geratzen zirela harrapatu dituzte Mosca eta Milesi, ez lehenago.

Jarraian, tropela amaiera prestatzen hasi da; igoera gogorra egin behar zuten, azken zatian. UAEko Rafal Majka ahalegindu da ezustekoa ematen, hiru kilometro zituztela aurretik, eta Lotto Dstnyko Lennert Van Eetvelt joan da harekin batera. Hala ere, tarte erabakigarrian harrapatu egin dituzte. 200 metro geratzen zirela, Mohoricek bizitu su erritmoa; Almeidak haren parean jarraitu du, baina ezin izan du etapa garaipena lehiatu.

Astelehenean, lasterketak hirugarren etapa egingo du. 163,3 kilometro izango ditu, Walbrzychen hasi eta Duszniki-Zdrojen amaituko da, eta menditsua izango da. Gainera, helmugatik gertu aldapa gogorra du.

Etapako sailkapena

1 - MOHORIC Matej (Bahrain) 4:56:59

2 - ALMEIDA João (UAE) m.t.

3 - KWIATKOWSKI Michal (INEOS) +0:04

4 - ONLEY Oscar (DSM) m. t.

5 - VAN WILDER Ilan (Soudal) m. t.

6 - MARTINEZ Lenny (Groupama) m. t.

7 - BATTISTELLA Samuele (Astana) m. t.

8 - DUNBAR Eddie (Jayco) m. t.

9 - MONIQUET Sylvain (Lotto) m. t.

10 - MAJKA Rafal (UAE) m. t.

Sailkapen nagusia

1 - MOHORIC Matej (Bahrain) 9:07:07

2 - ALMEIDA João (UAE) +0:04

3 - KWIATKOWSKI Michal (INEOS) +0:10

4 - VAN WILDER Ilan (Soudal) +0:14

5 - DUNBAR Eddie (Jayco) d. b.

6 - BATTISTELLA Samuele (Astana) d. b.

7 - ONLEY Oscar (DSM) d. b.

8 - MONIQUET Sylvain (Lotto) d. b.

9 - MARTINEZ Lenny (Groupama) d. b.

10 - MAJKA Rafal (UAE) d. b.

18 - LASTRA Jonathan (Cofidis) +0:51