Itxi

Txirrindularitza

Munduko Txapelketa

Lotte Kopecky, munduko txapelduna errepideko txirrindularitzan

Agentziak | EITB MEDIA

Zilarra Demi Vollering herbeheretarrak irabazi du, Cecilie Ludwig danimarkarra helmugan bertan gaindituta.

  • Kopecky, Vollering eta Ludwig, podiumean

    Kopecky, Vollering eta Ludwig, podiumean. Argazkia: Efe.

Lotte Kopecky belgikarrak urrezko domina irabazi du errepideko lasterketan, Glasgown jokatu diren Txirrindularitzako Munduko Txapelketa itxi duen proban. Kopeckyk aurreikuspenak berretsi ditu, bera baitzen adituentzat faborito nagusia.

Hala ere, belgikarrak lan handia egin behar izan du garaipena lortzeko, eta saiakera ugari egin behar izan ditu aurkariak atzean uzteko, eta horrek zalantzak sortu ditu azken metroetan izan zezakeen errendimenduaren inguruan. Baina Kopeckyk argi utzi du sasoi betean dagoela eta guztien artean indartsuena bera dela.

Kopeckyk zazpi aldiz irabazi du urrea pistako munduko txapelketan, baina gaurkoa bere lehen garaipena da errepideko proban. Irabazlea bakar-bakarrik geratu da lasterketaren buruan helmugarako 5,5 kilometroren faltan.

Belgikarra bera bakarrik iritsi da helmugara, eta berak jantziko du urtebetez Annemiek van Vleuten herbeheretarrak eraman duen ostadar maillota. Zilarra Demi Vollering herbeheretarrak irabazi du, eta brontzea, Cecilie Ludwig danimarkarrak.

Ibilbidea

Ibilbideak 154,1 kilometro izan ditu, Loch Lomond eta Glasgow artean. Txirrindulariek zazpi itzuli eman behar izan dizkiote Eskoziako hiriko ibilbide gogorrari. Kopeckyk 4 ordu, 2 minutu eta 12 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko, eta batez beste orduko 38,175 kilometroko abiaduran egin du.

Sailkapena

1 - KOPECKY Lotte (Belgika) 4:02:12

2 - VOLLERING Demi (Herbehereak) +0:07

3 - LUDWIG Cecilie (Danimarka) d. b.

4 - REUSSER Marlen (Suitza) +0:12

5 - SCHWEINBERGER Christina (Austria) +0:34

6 - DEIGNAN Elizabeth (Erresuma Batua) d. b.

7 - CHABBEY Elise (Suitza) +1:24

8 - VAN VLEUTEN Annemiek (Herbehereak) +2:48

9 - MARKUS Riejanne (Herbehereak) +3:51

10 - GARCÍA Mavi (Espainia) +4:05