Itxi

Txirrindularitza

FITXAKETA

Mikel Landak Soudal Quick-Step taldean jardungo du datozen bi denboraldietan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Txirrindulari arabarrak Belgikako taldearekin sinatu du, eta Remco Evenepoel taldeburuari laguntzen saiatuko da itzuli handietan.

  • Mikel Landa, 2023ko Frantziako Tourrean

    Mikel Landa, 2023ko Frantziako Tourrean. Argazkia: EFE

Mikel Landa txirrindulari arabarrak datozen bi urteetarako kontratua sinatu du Soudal Quick-Step taldearekin, Belgikako taldeak asteazken honetan jakitera eman duenez.

"Mikel Landak, mende honetako euskal txirrindulari onenetako batek, bi urteko kontratua adostu du Soudal Quick-Step taldearekin", adierazi du Belgikako taldeak bere webgunean, eta itzuli handietarako errefortzu gisa iragarri du ohar baten bidez.

Duela 33 urte Murgian (Araba) jaiotako txirrindulariak bi podium ditu Italiako Giroan (2015 eta 2022) eta 16 etapa garaipen erdietsi ditu 2011n profesional egin zenetik. Bahrainen hiru urte eman ostean, Soudal Quick-Step taldearekin sinatu du kontratua. Landaren talde berriaren asmoa da horren "eskalatzaile dohain handiak" eta "azken hamarkadan parte hartu duen 19 itzuli handietan lortutako esperientzia oso baliotsua" baliatzea.

"Oso hunkituta nago Soudal Quick-Step taldearekin bat egiteagatik, betidanik errespetu handia izan diodan talde ikaragarria baita. Kanpotik begiratuta, beti txunditu nau bere txirrindulariak nola egoten diren elkartuta era guztietako egoeretan eta nola babesten duten beti bere liderra. Orain arte, Italiako, Espainiako eta Erresuma Batuko taldeetan egon naiz, eta orain Belgikako kultura ezagutzeko irrikan nago", adierazi du Landak bere talde berriak zabaldutako adierazpenetan.

Euskal txirrindularia erronka berriaren aurrean "pozik eta motibatuta" agertu da, eta Remco Evenepoelen alde egingo duela lan adierazi du. "Esperientzia handiarekin nator hona, batez ere itzuli handietan, podiumerako borrokan egon edo taldekideei hainbat aldiz irabazten lagundu ondoren", esan du.

"Beti sentitu naiz eroso txirrindulari gazteagoei laguntzen, eta badakit ondo moldatuko naizela hemen. Datozen denboraldietan nire onena eman nahi dut, Remcori asko lagundu diezaiokedala uste dut, eta, aldi berean, aukera ematen didatenean, nik neuk emaitza ona lortzea espero dut", esan du Landak.

Patrick Lefevere Soudal Quick-Step taldeko zuzendari nagusiak azaldu duenez, "aspalditik" ezagutzen dute txirrindulari arabarra, "itzuli handietako igoera gogorretan aurrealdean etengabe egon baita". "Gure taldea sendotzeko kide egokia dela uste dugu, gure arreta pixkanaka sailkapen orokorrera aldatzen dugun heinean. Espero dugu bi denboraldi sendo eta arrakastaz beteak izatea", zehaztu du.