Itxi

Txirrindularitza

Fitxaketa

Ane Santesteban Laboral Kutxaren taldeburua izango da 2026ra arte

Agentziak

Santestebanek 32 urte ditu eta Team Jayco AlUla taldean aritu da azken hiru denboraldietan. 2023ko lorpenen artean, Frantziako Tourreko zortzigarren postua eta Italiako Giroko hamargarrena nabarmen daitezke.

3:43
Ane Santesteban

Ane Santesteban txirrindulari gipuzkoarra UCI Continental mailako Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioaren taldeburua izango da datozen hiru denboraldietan, 2026ra arte.

Santestebanek 32 urte ditu eta Team Jayco AlUlan ibili da azken hiru denboraldietan. 2023ko lorpenen artean, Frantziako Tourreko zortzigarren postua eta Italiako Giroko hamargarrena nabarmen daitezke. Hori dela eta, euskal kirol taldeko "garaipen-zerrenda onena" duen korrikalaria da.

Errenteriako txirrindulariak Euskal Herrira itzultzeko irrikitan zegoela adierazi du Twitterren argitaratu duen bideo batean. Atzerrian ibili ostean, etxean lehiatzeko gogoa agerian utzi du, eta orain Laboral Kutxak emandako aukera onartzea erabaki du.

Garaipenak nahi dituela gaineratu du eskalatzaileak. Horrez gain, "taldeari eta atzetik datozen txirrindulari gazteei ikasten ez ezik, lasterketez zein bizikletaz gozatzen lagundu" nahi diela esan du.

Aitor Galdos Laboral Kutxaren zuzendari nagusiaren esanetan, "euskal txirrindularitzaren azken urteotako erreferente nagusia da Santesteban, munduko tropeleko nabarmenenetakoa izateaz gain".

Euskal taldeak 2024rako baieztatu duen hamabigarren korrikalaria da errenteriarra. Honako hauek dira taldea osatzen duten kirolariak: Eneritz Vadillo, Idoia Eraso, Usoa Ostolaza, Naia Amondarain, Alba Teruel, Yurani Blanco, Jessenia Meneses, Catalina Soto, Nadia Quagliotto, Debora Silvestri eta Aileen Schtweikart.