Frantziako Tourra
Larunbatean lapurtuta
Lapurtutako 11 bizikletak berreskuratu ditu Izagirre eta Aranbururen Cofidis taldeak
Agentziak | EITB MEDIA
Lapurreta gertatu zen hoteletik gertu aurkitu dituzte bost bizikleta, eta gainerako seiak, aldiz, Belgikako mugatik gertu.
-
Cofidis taldeko txirrindulariak, Tourreko 3. etapako irteeran. Argazkia: Efe.
Cofidis taldeak joan den larunbatean Frantziako Tourrean bere kamioetako batetik lapurtutako hamaika bizikletak berreskuratu ditu, Cédric Vasseur taldearen zuzendariak astelehen honetan aditzera emandakoaren arabera.
Bost bizikleta igandean aurkitu zituzten, taldearen hotelaren ondoko baso batean, Lilleko kanpoaldean; gainerako seiak, berriz, Poliziak berreskuratu ditu, astelehenean, Belgikako mugatik gertu.
Cofidisek adierazitakoaren arabera, bizikleta bakoitzak 13.000 euro balio ditu. Momentuz, ezin izan dute ikusi nola dauden.
Vasseurrek ikertzaileen lana eskertu du, behin bizikletak berreskuratuta, taldeak Tourrean dituen helburuak "lasaitasunez" jarraitu ahal izango dituela azpimarratuta.


