Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

2. etapa

Alaphilipperentzat izan dira etapa eta elastiko horia Nizan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Deuceninck taldeko frantziarra Hirschi eta Yates iheskideak baino azkarragoa izan da hiruren arteko esprintean.

  • Julian Alaphilippe izan da etapako garailea.

    Julian Alaphilippe izan da etapako garailea. Argazkia: EFE

Julian Alaphilippe (Deceuninck Quick Step) frantziarrak irabazi du Nizan hasi eta bukatu den Frantziako Tourreko bigarren etapa (186 kilometro), eta, bide batez, liderraren maillot horia ere eskuratu du.

Hiru txirrindulariren arteko esprintean, Alaphilippek 4:55:27ko denbora behar izan du etapa osatzeko, eta haren atzetik helmugaratu dira Marc Hirschi (Sunweb) suitzarra eta Adam Yates (Mitchelton Scott) britainiarra. Hirukoteak helmugatik 13 kilometrora egin du ihes, azken igoeratxoko aldapetan, eta 20 segundoko tartea zabaldu dute.

Helmugara heltzear zirela tropela asko gerturatu zaie, baina Alaphilippek aurkariek baino hobeto jakin du kalkulatzen noiz jo bere azken erasoa. Yates aise utzi du atzean, baina Hirschik ez du amore eman eta gertu izan du frantziarra gainditzea. Alabaina, azkenerako, Deceuninckeko txirrindularia eskuin eskua altxatuta zuela sartu da Nizan.

Sailkapen nagusian, Alaphilippek 3 segundoko aldea du Yatesekiko eta 7 segundokoa Hirschirekiko.

Etapa hasieran, ostera, beste izen batzuk izan dira protagonistak (Peter Sagan, Lukas Pöstlberger, Benoît Cosnefroy, Kasper Asgreen, Toms Skujins eta Anthony Perez eta Michael Gogl). Zazpi txirrindularik kilometro asko iraun duen ihesaldian parte hartu dute, eta hiru minutuko errenta izatera iritsi dira; haatik, amaieratik 40 kilometrora Jumbo-Vismaren lanak ezerezean utzi du haien ahalegina.

Bigarren etapa honetan ere erorikoak izan dira berriro, tartean Daniel Martinez (EF Pro Cycling) Dauphineko irabazlearena eta Tom Dumoulin hautagaiarena, baina, itxuraz, ez dute aparteko eraginik izan.

Astelehen honetan, hirugarren etapa korrituko da, 198 kilometrokoa, Niza eta Sisteron artean.