Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

Bederatzigarren aldiz

Froomek Tourra korrituko du, baina ez da taldeburua izango

A. A. | EITB MEDIA

Txirrindulari britainiarrak lasterketan parte hartuko duela baieztatu du, baina Israel Start-Up taldeko gainerako kideentzat lan egingo duela aurreratu du.

  • Chris Froome aurtengo denboraldian korritutako erlojupeko batean.

    Chris Froome aurtengo denboraldian korritutako erlojupeko batean. Argazkia: EFE

Frantziako Tourra lau aldiz irabazi duen Chris Froome britainiarrak (Israel Start-Up) ekainaren 26an hasiko den hurrengo ekitaldian parte hartuko du. Era horretan, ukatu egin du Tourra ez zuela korrituko zioen zurrumurrua, aurtengo denboraldian lortutako emaitzak bere iraganeko mailatik urrun zeudela kontuan hartuta.

Horrela, bederatzigarren aldiz parte arituko da Froome Tourrean, baina oraingoan beste helburu batzuekin izango da bertan; izan ere, Kenyako jatorria duen txirrindulariak onartu duenez, ez da bere bosgarren titulua lortzeko lehiatuko, baizik eta sailkapen nagusiari begira jardungo duten beste taldekide batzuei, Michael Woods kanadarrari, esaterako, laguntzeko.

"Frantziako Tourretik kanpo bi urte eman ondoren, bertara itzultzeko irrikan nago. Oso bide zaila izan da 2019an Dauphinen erori nintzenetik, baina nire motibazio handienetako bat izan da (bueltatzea). Lan nekaezina egin dut honaino iristeko, eta lider gisa arituko ez banaiz ere, espero dut nire eskarmentua baliagarria izatea eta taldeari ahal dudan hobekien laguntzea, errepideko kapitain gisa. Lider ona dugu Michael Woodsekin, eta haren eta taldearen alde dena ematea espero dut", esan du Froomek.

Bestalde, Rik Verbrugghe Israelgo taldeko zuzendariak esan du Froomek duen eskarmentua garrantzitsua izango dela.

"Chris gure errepideko kapitaina izango da. Lasterketa lau aldiz irabazi du, eta bere eskarmentua ez da gutxietsi behar. Oso garrantzitsua izango da taldearentzat lasterketan zehar. Errendimenduaren ikuspegitik, Dauphineko Kriuteriumarekin alderatuta hobekuntza bat ikusiko dugula uste dut, eta Chrisek etapa bakoitzean hobera egitea espero dugu", esan du Israel Start-Up taldeko zuzendariak.