Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra 2023

1. etapa

Adam Yatesek irabazi du Frantziako Tourreko lehen etapa, Bilbon, azken metroetan Simon anaia mendean hartuta

EITB Media

UAE Emirates taldeko txirrindulari britainiarrak bereganatu du etapa garaipena Bilbon, eta liderraren maillot horia jantzi du. Adam Yates ihes eginda iritsi da azken metroetara bere anaia Simonekin batera, eta nagusi izan da azken metroetan.

1:03
Adam Yates, Bilboko helmugan

Adam Yatesek (UAE Emirates) irabazi du 2023ko Frantziako Tourreko lehen etapa, larunbat honetan, uztailaren 1ean, Bilbon hasi eta amaitu dena, eta liderraren maillot horia jantzi du.

Azken metroetara ihes eginda iritsi da Adam Yates, bere anaia Simon Yatesekin (Jayco AlUla) batera. Bien artean jokatu dute etapa garaipena, eta, azkenean, Adamek bereganatu du garaipena.

UAEren aurreikuspena da Yates ordezko talde burua izatea, Tadej Pogacar ez badabil espero bezain ondo; britainiarra bere liderraren aldamenean izan da Pikebidean, eta, jarraian, jaitsieran, aurrera egiteko indarra izan du, Simon anaiarekin batera. Biek ala biek elkarrekin egin dute lan; faboritoen taldea hogei bat segundora zebilen, eta alde horri eutsi diote. Azkenean, nahikoa izan da.

Erorikoa izan da, gainera, eta horrek ere markatu du etapa: 20 bat kilometro geratzen zirela, Enric Mas Movistarreko espainiarra eta EF Education taldeko Richard Carapaz ekuadortarra jausi egin dira. Biek zuten asmoa sailkapen nagusian lehiatzeko, baina ezingo dute; izan ere, Masek Tourra utzi behar izan du, eta Carapazek, nahiz eta helmugaratzea lortu duen, 15 minutu galdu ditu.

Erritmo bizia, hasieratik

Giro aparta izan da etapan zehar, ikusgarria, hasieratik. 2023ko Frantziako Tourra Bilbon hasi da, San Mameseko zabalgunean, eta milaka zale izan dira errepidean, txirrindulariak animatzeko eta lasterketaz gozatzeko prest. Benetako irteera eman eta berehala egin ahal izan dute hori zaleek: Lilian Calmejanek (Intermarche), Simon Guglielmik (Arkea), Pascal Eenkhoornek (Lotto), Jonas Gregaardek (Uno-X) eta Valentin Ferronek (TotalEnergies) minutu batzuk soilik behar izan dituzte, aurtengo Tourreko lehen ihesaldia sortzeko. Gehienez, bi minutu eta erdiko aldea erdietsi dute, eta tropelak une oro izan ditu kontrolpean; ahaleginak, baina, hiru puntu eman dizkio Eenkhoorn herbeheretarrari mendiko sailkapenerako (Laukizen bigarren egin du, eta San Pelaion aurreneko postuan igaro da), eta, horrez gain, Lottoko txirrindulariak aurtengo lehen esprint berezia ere irabazi du, Gernika-Lumon.

Ihesaldia helmugarako 50 bat kilometro geratzen zirela amaitu egin da; orduan, Morgako igoera oso gertu zegoen. 4. mailako mendate horretan, Uno-X taldeko Jonas Abrahamsen izan da onena, tropeleko gainerako txirrindulari guztiak gaindituta. Ganguren zen hurrengo jomuga, eta pentsatzeko modukoa zen lehia izango zela bertan; EF Education taldeko Neilson Powless estatubatuarrak hartu die aurrea aurkari guztiei gainean, baina 2. mailako mendate horrek ez ditu zalantza asko argitu. Bazirudien lasterketako gizonik indartsuenen asmoa zela Pikebidean erabakitzea zer egin, alegia, etapako azken kilometroetan zehaztea nork jantziko zuen lehen maillot horia.

Adam eta Simon Yatesek, Pikebidearen jaitsieran aurrera

Pikebidean jazotakoa gogoratzeko modukoa izan da; Mikkel Bjerg Pogacarren taldekidea azkar jarri da buruan, taldeari erritmo oso bizia jarrita, eta 2020ko eta 2021eko Tourretako irabazlea segituan iritsi da haren parera. Cofidiseko Victor Lafay ere ibili da bikain, lasterketa irabazteko faborito nagusien maila berean. Hirurak izan dira lasterketa buruan jaitsiera hasi denean, eta une horretan erabaki da etapa, Adam eta Simon Yatesek aurrera jo dutenean. Bikiak dira azken bi horiek, baina ez dabiltza talde berean; ausart ibili dira erasotzeko, eta elkarrekin sartu dira aurreneko postuan Bilbon.

Adam eta Simon Yatesek gaitasuna izan dute lortutako aldeari eusteko, eta bien artean lehiatu dira, Etxebarria parkearen ondoan, helmugan, garaipenaren bila; UAEko txirrindulariak bereganatu du etapa, eta, hala, aurtengo Tourreko lehen maillot horia jantzi du.

Euskal txirrindulariei dagokienez, Mikel Landa izan da onena; Bahrain-Victorious taldeko ziklista arabarra hamabigarren sailkatu da, Tadej Pogacarren talde berean sartuta, Adam Yatesekiko hamabi segundora. Alex Aranburu (Movistar) eta Pello Bilbao (Bahrain) hamaseigarren eta berrogeigarren postuetan sartu dira; biek ala biek 33 segundo galdu dituzte helmugan.

Etapako sailkapena

1. YATES Adam (UAE) 4:22:49

2. YATES Simon (Jayco) +0:04

3. POGACAR Tadej (UAE) +0:12

4. PINOT Thibaut (Groupama) d. b.

5. WOODS Michael (Israel) d. b.

6. LAFAY Victor (Cofidis) d. b.

7. HINDLEY Jai (BORA) d. b.

8. SKJELMOSE Mattias (Trek) d. b.

9. VINGEGAARD Jonas (Jumbo) d. b.

10. GAUDU David (Groupama) d. b.

12. LANDA Mikel (Bahrain) d. b.

Sailkapen nagusia

1. YATES Adam (UAE) 4:22:39

2. YATES Simon (Jayco) +0:08

3. POGACAR Tadej (UAE) +0:18

4. PINOT Thibaut (Groupama) +0:22

5. WOODS Michael (Israel) d. b.

6. LAFAY Victor (Cofidis) d. b.

7. HINDLEY Jai (BORA) d. b.

8. SKJELMOSE Mattias (Trek) d. b.

9. VINGEGAARD Jonas (Jumbo) d. b.

10. GAUDU David (Groupama) d. b.

12. LANDA Mikel (Bahrain) d. b.