Itxi

X-deportes_tour de francia-X

X-deportes_tour de francia-X

Frantziako Tourra

11. etapa

Philipsen, laugarren aldiz garaile aurtengo Tourrean

A. B. E. | EITB Media

Jasper Philipsenek irabazi du 2023ko Frantziako Tourreko 11. etapa, esprintean Groenewegen eta Bauhaus mendean hartuta. Ondorioz, belgikarrak lau etapa irabazi ditu aurtengo edizioan.

1:22
Jasper Philipsen

Jasper Philipsenek (Alpecin-Deceuninck) irabazi du 2023ko Frantziako Tourreko 11. etapa, asteazken honetan, uztailaren 12an, esprintean nagusituta. Ondorioz, txirrindulari belgikarrak lau etapa garaipen bereganatu ditu jada aurtengo edizioan. Bestalde, Jonas Vingegaardek (Jumbo Visma) jarraitzen du liderraren maillot horiarekin.

Hasiera-hasieratik eman dira erasoak tropelean eta eguneko ihesaldia azkar sortu da: Andrey Amador (EF Education-Easypost), Daniel Oss (TotalEnergies) eta Matis Louvel (Arkea-B&B Hotels) txirrindulariek hartu dute lasterketa burua.

Tropelak, ordea, ez dio utzi abantaila handiegirik hartzen hirukoteari, eta ihesaldia kontrolpean izan du uneoro. Helmugarako 52,6 kilometro falta zirenean etsi egin du Louvelek eta tropelak harrapatu du; ondoren, Amador irentsi du tropelak, helmugatik 48.6 kilometrora. Horrenbestez, Oss geratu da bakar-bakarrik lasterketa buruan. Hala ere, italiarraren saiakera helmugara iristeko 13,5 kilometro falta zirenean amaitu da.

Hortaz, tropela bat eginda iritsi da etapako azken txanpara. Haizea izan da protagonista etapa amaieran, eta tentsioa nagusi tropelean, inork ez baitu denbora galdu nahi izan moztuta geratzeagatik.

Urduritasunak urduritasun, ez da ezustekorik eman azken txanpan. Irabazlea esprintean erabaki da, eta Jasper Philipsen aise nagusitu da. Dylan Groenewegen (Jayco AlUla) izan da bigarren eta Phil Bauhaus (Bahrain Victorious) hirugarren.

Sailkapen nagusiko lehen postuetan ez da aldaketarik. Jonas Vingegaard liderrak 17 segundoko abantaila du Tadej Pogacarrekiko (UAE Emirates) eta 2 minutu eta 47 segundokoa Jai Hindleyrekiko (BORA-hansgrohe). Pello Bilbaok (Bahrain Victorious) bosgarren postuan jarraitzen du Vingegaardekiko 4 minutu eta 36 segundora.

11. etapako sailkapena

1 PHILIPSEN Jasper (Alpecin) 4:01:07

2 GROENEWEGEN Dylan (Jayco) d. b.

3 BAUHAUS Phil (Bahrain) d. b.

4 COQUARD Bryan (Cofidis) d. b.

5 PEDERSEN Mads (Lidl) d. b.

6 KRISTOFF Alexander (Uno-X) d. b.

7 MOZZATO Luca (Arkéa) d. b.

8 SAGAN Peter (TotalEnergies) d. b.

9 VAN AERT Wout (Jumbo) d. b.

10 WELSFORD Sam (dsm) d. b.

Sailkapen nagusia:

1 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) 42:33:13

2 - POGACAR Tadej (UAE) + 0:17

3 - HINDLEY Jai (BORA) + 2:40

4 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) + 4:22

5 - BILBAO Pello (Bahrain) + 4:34

6 - YATES Adam (UAE) + 4:39

7 - YATES Simon (Jayco) + 4:44

8 - PIDCOCK Thomas (INEOS) + 5:26

9 - GAUDU David (FDJ) + 6:01

10 - KUSS Sepp (Jumbo) + 6:45

14 - LANDA Mikel (Bahrain) + 9:09