Itxi

Artea

Otsailak 24-28

Bi euskal galeriak parte hartuko dute 35. Arco azokan

eitb.eus

Arte garaikidearen Madrilgo azoka gaur, asteazkenarekin, irekiko diete profesionalei, eta bihartik igandera arte publiko orokorra sartu ahalko da. 222 galeria izango dira, Euskal Herriko bi barne.

1:36

Arco arte garaikidearen Madrilgo azokak 35 urte bete ditu dagoeneko, eta, aurtengo edizio honetan, Euskal Herriko bi arte galeria izango dira ostera ere: Carreras Múgica bilbotarra eta Altxerri donostiarra.

Donostiar galeriak Miquel Mont artista katalanaren lanean jarriko du indarra batik bat Madrilen. Duela bost urte batu ziren bion bideak, galeriak “Acumulacion flexible” 1992tik Madrilgo topagunea huts egin ez duen artistaren erakusketa hartu zuenean.

Carreras Mugicak, bestalde, lagin zabalagoa eramango du Madrilera: Eduardo Chillida, Richard Serra, Pello Irazu, Txomin Badiola, Asier Mendizabal, Erlea Maneros eta Angela de la Cruzen lanak.

Bi galeriok izango dira euskal ordezkari, 35. ekitaldi honetan guztira 222 galeria hartuko dituen azokan; horien guztien herenak Latinoamerikako herrialdeetakoak izango dira.

Gainera, urtemuga ospatzeko, aurtengoan ez da herrialde gonbidaturik izango. Horren ordez, arte topaketaren historian garrantzi berezia izan duten 33 galeria aukeratu dituzte antolatzaileek.

Halaber, Arco hiri osora zabaldu da: museoek, enbaxadek, estudioek eta elkarteen egoitzak hartuko dituzte erakusketa. Horien artean, “Baporak” Mikel Eskauriazaren bilduma izango da; Madrilgo itsas museoak hartuko du atunketarien argazkien sorta.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Artea albisteak