Itxi

Artea

Maiatzaren 31a arte

Julio Bittencourt brasildarraren argazki erakusketa Donostian

Erredakzioa

Apirilaren 1etik maiatzaren 31a arte, Donostiako Fnaceko egoitzak 'Desde una ventana del edificio Prestes Maia 911' erakusketa hartuko du, okupazio berezi baten istorioa jaso duena.

Julio Bittencourt argazkilari brasildarraren azken erakusketa Donostiako Fnac egoitzan izango dugu ikusgai apirilaren 1etik datorren maiatzaren 31ra bitartean. Desde una ventana del edificio Prestes Maia 911 izenburuko argazki bilduma honek Brasilgo Sao Pauloko hirigunearen eraikin bateko okupazioaren istorioa kontatzen dio ikusleari.

Prestes Maia Etorbidearen 911 zenbakiaren parean dagoen eraikina Movimento Sem Teto do Centro elkarteak okupatu zuen. Via Campesinarekin erlazionatuta, Brasilgo nekazal erreformaren gainean arreta erakartzea dute helburu. Horretarako, etxaldeak eta talde industrialen lurraldeak okupatzen dituzte.

Eraikin horretan eta 2002tik 406 familia baino gehiago bizi dira bertan. Azken urteetan Brasilgo agintariekin solasean ibili ondoren, 1.200 pertsonek eraikina hutsik uztera behartua ikusiko dute euren burua.

Bittencourt 1980an Brasilen jaio zen. Nazioarteko galerietan eta museotan izan ditu bere lanak ikusgai. GEO, National Geographic, Stern, Le Monde, The Guardian, Esquire, Leica World Magazine eta Photo bezalako argitalpenetan kaleratu dituzte bere argazkiak. 2007. urtean Leika Oskar Barnack sari eskuratu zuen.