Itxi

Artea

Irailak 30 - Urtarrilak 8

Francis Baconen gordintasuna eta haren aurrekarien lana, Guggenheimen

N.V. | eitb.eus

Bilboko museoak irlandar jatorriko britainiar margolariaren 60 urteko lanaren eta berarengan eragina izan zuten margoen lagin mardula erakutsiko du irailaren 30ean zabalduko duen erakusketan.

  • "Estudioa Velazquezen arabera" Baconek 1950ean eginiko lana. © The Estate of Francis Bacon.

    "Estudioa Velazquezen arabera" Baconek 1950ean eginiko lana. © The Estate of Francis Bacon.

Guggenheim Bilbao Museoak “Francis Bacon: Picassorengandik Velazquezengana” Irlandan jaiotako britainiar artistaren margolanik azpimarragarrienak eta hainbat koadro ezezagun biltzen dituen 80 lan baino gehiagoko erakusketa inauguratuko du irailaren 30ean. Horiekin batera, haren margolan latzetan eragin handia izan zuten maisu klasikoen hainbat lan ere bilduko dituzte bertan: El Greco, Velazquez, Picasso, Giacometti…

Bilduma 2017ko urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai Bilboko arte erakustokian.

Francis Bacon (Dublin, 1909 - Madril, 1992) artista hauslea izan zen, bai margo lantegi barruan baita horretatik kanpo ere, eta ordura arte beste inork zeharkatu gabeko mugak igaro zituen pintzelak eskuan zituela. Pintura molde asaldatzailearen bitartez, gordinki, errukirik gabe, bere errealitatea islatzen zion ispilu baten aurrean jarri zuen gizakia.

Baconek gertutasun handia erakutsi zuen Frantziako (Baudelaire eta Proust idazleak, Picasso eta Van Gogh bertan ezarritako margolariak...) eta Espainiako (Velazquezek egindako Inozentzio X.aren erretratuaren 50 bertsio baino gehiago margotu zituen, eta Zurbaran, El Greco eta Goya atsegin zituen) kulturekin. Horregatik, Bilboko museoan paratuko duen bildumak Baconen pintura bere lanen bidez ez ezik, bere estiloaren aitzindarien koadroen bitartez ere ulertzeko aukera emango du, horietako batzuk ere izango baitira ikusgai.