Artea
1999-2007 urte bitartean
HKEEk kontrol falta antzeman du Guggenheimeko kontuetan
Erredakzioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak hainbat irregulartasuna aurkitu ditu 1999-2007 urte bitarteko kontuetan, tartean 20 pertsonaren kontratazioan. Txostenik kritikoena Sozietate Edukitzailearena da.
Fundazioa, Sozietate Edukitzailea eta Higienezinen Sozietatea dira museoaren kudeaketaz arduratzen diren hiru sozietateak, eta Eusko Legebiltzarrak eskatuta aztertu ditu hiru sozietateon kontuak HKEEak.
Txosten definitiboen arabera, Sozietate Edukitzaileak eta Higienezinen Sozietateak ez dute behar bezalako kontrol mekanismorik ezarri. Edukitzailearen kasuan, pertsona bakar baten esku egon dira kontuon kudeaketa eta finantza kontrola. Zehazki, Roberto Cearsolo Museoaren Administrazio eta Finantza zuzendari ohiaren eskuetan bakarrik utzi izana salatzen du HKEEk. Guggeheim Bilbao Museoaren kontuetatik milioi erdi euro baino gehiago desbideratzea egotzita zigorra ezarri zioten Cearsolori.
Fundazioaren kasuan ''''arrazoizko'''' maila batean bete dira jarduera ezberdinetako arauak; baina ez da hala izan beste bi sozietateetan, txostenaren arabera.
Azterketak bereziki salatzen du Edukitzailearen jarduera. Entitate honek burutzen ditu artelan ezberdinen erosketak eta erakusketen antolakuntzari dagozkion lanak. Hori dela-eta, hiru entitateen artean jarduera ekonomikorik handiena duena da.
Dibisen erosketa (Edukitzaileari dagokiona)
Txostenak jakitera eman duenez, 2003ko abenduan Sozietate Edukitzaileak onartu egin zuen Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioak (Fundazioak) dibisetako bi aukera-eragiketa laga izana, 1.500 mila dolarrekoa bakoitza. 2004an iraungitzen ziren. Eragiketa honek Edukitzaileari Fundazioaren alde hutsean 800 mila euroko galerak bere gain hartzea ekarri zion, eta hori xede sozialaren aurkakoa dela salatu du HKEEak.
Pertsonen kontratazioa (Fundazioari dagokiona)
Hogei pertsona ingururen kontratazioan ere irregulartasunak antzeman ditu HKEEak. Txostenaren arabera, ezin egiaztatu izan da berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak gorde direla 20 pertsona kontratatzeko prozesuan. Era berean, epe horretan zehar izapidetu diren ondasun eta zerbitzuen 59 kontratazio espediente ere ezin izan dituzte eskura izan.
Higienezinen sozietatea
EKEEk ez du egiaztatzerik izan lau ondasunen erosketetan publizitate eta lehia printzipioak bete ote diren, ezin izan baitute dagokion dokumentazioa eskuratu. Beste hainbat akats ere azaleratu dira, kontratazioan publizitate eta lehia printzipioak gorde ez zirelako edo mugatu zirelako. 2007an Higiezinen Entitateak 1.010 mila euro ordainduta lursail bat erosi zuen, aukeren azterketarik batere ez zegoela, eta erositako lurren tasaziorik egin gabe.