Itxi

Artea

Oteizaren lanean aditua

Pedro Manterola iruindar margolari eta aditua hil da

Agentziak | Erredakzioa

Margolaria aditu handia zen Oteizaren lanean, eta Jorge Oteiza Fundazio Museoaren zuzendari eta presidentea izan zen.

Pedro Manterola Armisen margolari iruindarra atzo, astelehena, hil zen, 80 urte zituela, Jorge Oteiza Fundazio Museoak jakinarazi duenez.

Fundazioak “mina” agertu du “galera handi honengatik”, eta Oteizaren nortasunari eta lanei buruz egin zituen ekarpen eta analisiak eskultorearen ondarean sakontzeko eta berori aztertzeko “funtsezkoak” izan zirela azpimarratu du.

Gainera, Jorge Oteiza Fundazio Museoan bertan egin zuen lana ere goraipatu dute; izan ere, erakunde horren zuzendari (2004-2008) eta presidente (2009-2011) izan zen.

Manterola Jorge Oteiza Katedraren zuzendari ere izan zen, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 2002tik 2007ra, eta artea zabaltzeko eta ikertzeko bere jarduera “berebizikoa” izan zen. “Nafarroako Foru Erkidegoaren kultura aktibo nagusietakoa” izan zela adierazi dute horrek zuzendu zuen erakundetik.

Jorge Oteizaren lanean eta pentsamendu estetikoan aditua zen Manterola, eta hainbat lan kaleratu zituen: "El paisaje y la mirada" (1987), "El Jardín de un caballero. La escultura vasca de la postguerra en la obra y pensamiento de Mendiburu, Oteiza y Chillida" (1993), "La pasión de Jorge Oteiza" (1996), "Peripecia de Ulises" (1999) eta "La escultura de Jorge Oteiza. Una interpretación" (2007).

Margolari gisa, 60ko hamarkadan hasi zen bere lanak erakusten, eta joera espresionista eta elementu surrealista eta neofiguratiboak uztartzen zituen.