Itxi

Artea

FINLANDIA

Helsinkik baztertu egin du Guggenheim museo bat eraikitzeko proiektua

Efe

Museoaren aurkakoek proiektuaren finantzazio nagusiki publikoan oinarritu dute ezadostasuna. Guggenheim Bilbaok, beto eskubidea izanik, oniritzia eman zion Finlandiako museoari.

  • Helsinkiko portuaren inguruan egin nahi zuten museoa. Argazkia: Ralf Roletschek.

    Helsinkiko portuaren inguruan egin nahi zuten museoa. Argazkia: Ralf Roletschek.

Helsinkiko Udalaren osoko bilkurak behin betiko baztertu du hiri horretan Guggenheim museo bat egiteko proiektua. Egitasmo horrek ezadostasun handiak sortu ditu azken bost urteetan Finlandiako hiriburuko politikari eta herritarren artean, baita artearen eremuan dabiltzanen artean ere.

Udaletxean eginiko eztabaida baten osteko bozketan, ekimenaren kontrakoek, ezkerreko alderdiek eta Benetako Finlandiarrak alderdiko ultranazionalistek, egitasmoa baztertu zuten, kontrako 53 botoko eta aldeko 32ko emaitzarekin.

Aurka bozkatu zuten zinegotziek esan zutenez, ez daude Helsinkin Guggenheim museo bat egitearen kontra, ezpada, elkarte pribatua izanik, finantzazio gehiena funts publikoen bidez gauzatzearen aurka.

Gainera, arrazoi ekonomikoak ez ezik, nolabaiteko sentimendu nazionalista bat ere badago ezezkoaren atzean, ez baitiote ondo irizten, bertako artea eta kultura bultzatzearen ordez, museoen nazioarteko sare bat diru publikoaz sustatzeari.

Helsinkiko Guggenheim museoaren egitasmoak polemika handia sortu du 2011n Jussi Pajuen hiriko alkateak newyorktar frankiziaren museo berri bat eraikitzeko asmoa iragarri zuenetik. Auzapezaren asmoa Finlandiako hiriburuan “Bilbo efektua” errepikatzea zen.

Lehen fasean, Helsinkik 2,3 milioi euro gastatu zituen Guggenheim fundazioak berak eginiko bideragarritasun plan batean. Elkarte independente batek egin beharrean, egoitza New Yorken duen Guggenheim fundazioak egin zuen ikerketa hori, eta emaitza aurreikus zitekeena izan zen: proiektua aurrera eramateko gomendioa. 12.000 metroko museo bat egitea proposatzen zuen idatzi horrek, 130 milioi euroko gastua (hasieran 140koa zen, baina gerora jaitsi egin zuten) ekarriko zuena.

Guggenheim Bilbao ere proiektuaren alde agertu zen. Juan Ignacio Vidarte berorren zuzendaria, gainera, museo sare ospetsuaren nazioarteko zabalkundearen arduraduna zen, eta bideragarritasun plana sortu zuen taldeko kide izan zen.

Guggenheim Bilbaoren babesa nahitaezkoa zen, Europan frankiziaren edozein museo berriri betoa jartzeko eskubidea baitu, eta Finlandiako egitasmoa onartu zuen, lehiakide baino gehiago, kontinente mailako sinergia bat sortzeko kide izan zitekeelakoan.