Itxi

Artea

Otsailetik aurrera

130 lan Guggenheimen, ‘Espresionismo Abstraktua’ hurbiltzeko

Agentziak | Erredakzioa

Jackson Pollock, Mark Rothko, Willem de Kooning, Robert Motherwell, David Smith eta Clyfford Still artisten lanak paratuko dituzte, besteak beste, otsailaren 3an zabalduko duten erakusketan.

  • Jackson Pollock, "Murala". © The Pollock-Krasner Foundation, VEGAP, Bilbao, 2016.

    Jackson Pollock, "Murala". © The Pollock-Krasner Foundation, VEGAP, Bilbao, 2016.

Guggenheim Bilbao museoak ‘Espresionismo Abstraktua’ erakusketa hartuko du otsailaren 3tik ekainaren 4ra, besteak beste Jackson Pollock, Mark Rothko, Willem de Kooning, Robert Motherwell, David Smith eta Clyfford Still artistek egindako 130 pintura, eskultura eta argazki baino gehiago erakutsiko duen bilduma.

Bilboko museoak azaldu duenez, erakusgai jarriko dituzten artelanen egileek “norabide aldaketa sakona eragin zuten, eta pinturaren une goren baten protagonistak izan ziren, 1940ko hamarkadan, New Yorken”. Erakusketak “espresionismo abstraktuaren nondik norakoak argitzen ditu, askotan batu eta bakandu egin badute ere, fenomeno askotariko, konplexu eta poliedrikoa izan baitzen”.

Erakusketaren bidez, Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan, free jazzaren eta beat belaunaldiaren poesiaren garaian, ordura arteko legeak hautsi zituzten artistak ezagutu ahalko dituzte bisitariek. Bizitzaren eta artearen ikuspegitik, esperientzia bertsuetatik abiatu ziren sortzaileok, baina bakoitzak bere estiloa islatu zuen, erakusketaren arduradunek azaldu dutenez.

Mugimenduaren ezaugarri behinenetakoa lan “erraldoiak” dira, batzuetan “biziak, bat-batekoak eta oso adierazkorrak” direnak eta beste batzuetan “kontenplazioaren eragin handiagoa dutenak, kolore eremu handien bidez irudikatuak”.