Itxi

Artea

‘Elkarri lotutako guneak’

Guggenheimek Esther Ferrer donostiarraren erakusketa bat irekiko du martxoaren 16an

Agentziak | Erredakzioa

“Esther Ferrer: elkarri lotutako guneak” erakusketa ekainaren 10era arte egongo da ikusgai. 11 instalazio berri paratuko dituzte Bilboko museoan.

  • © Esther Ferrer, VEGAP, Bilbao, 2018. ARgazkia: F. Bergeron

    © Esther Ferrer, VEGAP, Bilbao, 2018. Argazkia: F. Bergeron

Guggenheim Bilbao Museoak "Esther Ferrer: elkarri lotutako guneak" erakusketa izango du ikusgai martxoaren 16tik ekainaren 10era bitartean. Performancearen erreferentzietako bat da Ferrer, eta instalazio berriekin osatu du erakusketa.

Bere lan ildoarekin eta pentsaerarekin bat, erakusketa osatzen duten 11 lanetatik bi modu berezian aktibatuko dira artistaren performance edo publikoaren elkarrekintzaren bitartez.

Bilboko museoaren arduradunek jakinarazi dutenez, 1960ko hamarkadaren amaieran ibilbide profesionala hasi zuenetik, Esther Ferrer artista donostiarrak forma eta material askoren bitartez garatu ditu bere pentsamendu ildoak, eta performancearen artista aitzindarietakoa da. Genero hori honela definitzen du berak: "Denbora eta espazioa publikoaren presentziarekin konbinatzen dituen artea; publikoa ez da ikusle hutsa; izan ere, hala nahi badu, ekintzan parte har dezake".

Ferrerrek "ikuslearen askatasuna" baloratzen du guztiaren gainetik. Horregatik, "ez dio ondoriorik eskaintzen, galderak eta zalantzak bakarrik, hark egin dezan bere interpretazio pertsonal propioa, modu autonomoan".