Artea
Maiatzak 11-26
'Preso politikoak Espainia garaikidean' lana Errenterian erakutsiko dute
Agentziak | Erredakzioa
Santiago Sierraren lana Gipuzkoako udalerrian ikusi ahalko da, doan, Arco Madrilgo arte azokatik kendu eta gero.
-
Arco Madrilgo azokatik erretiratu zuten artelana
‘Preso politikoak Espainia garaikidean’ Santiago Sierraren lana Errenterian egongo da ikusgai maiatzaren 11tik 26ra, Arco Artearen Madrilgo Nazioarteko Azokan erakustokitik erretiratu eta gero.
Lleidan 7.000 lagunek ikusi eta gero iritsiko da artelana Errenteriara. Udalerri horretako udalak ohar batean azaldu duenez, Helga de Alvear galeriarekin harremanetan jarri ziren, udal instalazioren batean erakustea eskaintzeko, eta, hainbat elkarrizketa izan ondoren, galeriak onartu egin du bertan “doan” erakustea.
Besteak beste, politikari katalanak, Solidarioak talde ekologistako kideak, La bruja y Don Cristobal antzezlanagatik atxilotu eta epaitu zituzten txotxongilolariak, Egin egunkariko zuzendariak eta Altsasuko gazteak agertzen dira lan horretan “preso politiko” etiketaren atzean.
Errenteriako Udalaren hitzetan, “dudarik ez dago adierazpen askatasuna edozein gizarte demokratikoren oinarrietako bat dela, eta, horren ildotik, obra bat ezerosoa izan daitekeelako zirkuituetatik desagerrarazteak demokrazia bera ahultzen du eta eskubideak bermatzen dituen zuzenbidearen aurkakoa da”. Horregatik, artelana ikusgai jartzea erabaki du, “adierazpen askatasuna argi eta garbi defendatzeko”.