Itxi

Artea

Chillida Leku

Museoa irekitzeko, erakundeek proiektuan parte hartzea eskatu dute

Erredakzioa

Legebiltzarrak zuzenketa onartu du, Eusko Jaurlaritzak eta Chillida Fundazioak museoa berriz irekitzeko proiektu iraunkorra sina dezaten.

Chillida-Leku museoa berriz irekitzeko, Eduardo Chillida Fundazioarekin proiektu iraunkorra sina dezatela eskatu die gaur Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Legebiltzarrak erakundeen partaidetzan oinarritutako akordioa sinatzeko eskatu du, zuzenketa baten bidez.

Joan den urtarrilaren 1ean itxi zuten Eduardo Chillida eskultorearen lana bilatzen duen museoa, arazo ekonomikoek bultzatuta. Artistaren familiak hainbat bilera egin ditu azken hilabeteotan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin, museoaren jarraipena bideragarri egingo lukeen konponbide baten bila.

Eusko Legebiltzarrak PP, PSE-EE, EAJ eta EB alderdiek sinatutako erdibideko zuzenketa onartu du. UPyD eta EA alderdiek baiezko botoa eman diote proposamen honi, eta Aralar abstenitu egin da.

Zuzenketa horretan, Eduardo Chillida Fundazioarekin proiektu iraunkorra sina dezatela eskatzen diete Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, museoa berriz ireki ahal izateko. Proposamenak jasotzen duenez, kudeaketa eta bideragarritasun ekonomikoa bermatu eta, aldi berean, artistak museoa sortzeko izan zuen espiritua gordetzea bilatu beharko luke balizko akordioak.

Gainera, onartutako zuzenketa horrek jasotzen duenez, akordioaren ondorioz erakunde publikoek museoaren ondarean eta kudeaketan parte hartuko balute, Chillida-Leku Euskadiko museoen sarean sartu beharko litzateke.

Gaurko saioan Luke Uribe-Etxebarria EAJko legebiltzarkideak adierazi duenez, erakunde publikoek museo pribatu bati egin beharko lioketen ekarpena ez litzateke ''diru laguntza sinple'' bat bakarrik izan beharko. Haren ustetan, erakunde horiek kudeaketa eta ondare erabakietan parte hartzeko gaitasuna izan beharko lukete kasu horretan.