Artea
Gasteizen
#FemRIGHTS Irantzu Lekueren erakusketa, Montehermoso Kulturunean
eitb.eus
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena du ardatz bildumak, eta emakumeen giza eskubideen urraketaz dihardu nagusiki.
Irantzu Lekue artistak FemRIGHTS duela lau hil UNESCO Etxearekin batera abiatutako proiektuaren uzta ikusgai jarri du Montehermoso Kulturunean, Gasteizen. Urtarrilaren 13ra arte bisitatu ahalko da.
Lehen solairua hartzen duten bost geletan zabalduta dago erakusketa kontzeptuala, eta emakumeen eskubideen urraketa jorratzen du, arte instalazio, eskultura, performance eta ikus-entzunezko sorkuntzen bidez.
Kulturunean paratutako lanen artean, Heroi anonimoak instalazioa dago, esaterako: hamarka liburu aurkituko ditu bisitariak, eta, betaurrekoen bidez, liburu horietan idatzirik dauden emakumeen izenak ikusiko ditu.
Jatorrizko bekatua artelanak, bestalde, edertasun estereotipoei, mendetasunari eta loturari buruzko hausnarketa proposatzen du: sagar gorri, garbi eta distiratsuz beteriko kupula bat erakusten du.