Artea
Arkitektura
Cristina Iglesiasi Arkitektura saria eman dio Royal Academy of Artsek
Agentziak | Erredakzioa
Britainiar akademiak azpimarratu du donostiar eskultoreak hirietako espazio publikoak eta eraikinen arteko espazioak indartu dituela bere ibilbidean.
-
Abenduan, Arte Grafikoaren Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen Iglesiasek
Cristina Iglesias donostiar eskultoreari Arkitektura saria eman dio Londreseko Royal Academy of Artsek, galeriak berak gaur iragarri duenez.
Ohar batean, akademiak adierazi du Iglesiasek “arkitekturaren kulturari egindako ekarpen pizgarriari” zor zaiola saria.
“Hiri espazio irekien kalitatea hanpatzeko orduan arte publikoak duen zeregina” goraipatu du Norman Fosterrek eta beste hainbat adituk osatu duten nazioarteko epaimahaiak.
Oharrak, halaber, azaltzen du Iglesiasen lanak “topaketa publikoaren sentsazio moduko bat” sortzen duela, espazio publikoa “nola ikuskizun moduan hala inguruan duen hiri bizitzaren erritmoaren eta zarataren aurkako antidoto moduan aurkeztuta”.
RAren arabera, donostiarraren lanek zeregin garrantzitsua dute, “arkitektoei gogoratzen baitie gure hirietan espazio publikoak izatearen berebiziko garrantzia”.
“Oso pozik nago epaimahaiaren eta Royal Academy of Artsen sari hau jasotzeagatik, batik bat eskulturak hirian, espazio publikoan, duen betebehar funtsezkoa hartzen baitu aintzat”, esan du Iglesiasek.
Artistak gehitu du oso interesgarri deritzela arkitekturaren eta eskulturaren arteko topaketei, hirietako egungo bizimodu kaotikoan hausnarketarako eta kontenplaziorako espazio eta uneak sortzen baitituzte.