Itxi

Artea

25. urtemuga

Guggenheim Museoa doan bisita daiteke, aldez aurretik sarrera erreserbatuta

EITB Media

Abenduaren 2ra arte egongo da Bilboko museoa musutruk ikusteko aukera. Horretarako, EAEko herritarrek txartelen erreserba egin beharko dute webgunean edo telefono bidez. 60.000 lagunek hartu dute hitzordua dagoeneko.

  • Jende ilara, museoaren atarian.

    Jende ilara, museoaren atarian. Argazkia: EFE

Gaurtik aurrera, azaro guztian eta abenduaren 1ean eta 2an, doan bisitatu ahalko da Bilboko Guggenheim Museoa, 25. urtemuga dela eta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren herritarrak sarrera ordaindu gabe sartu ahalko dira, baina aurrez bisita erreserbatu egin beharko dute, museoaren webgunean edo telefono bidez (945 551 380, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara).

Bisitak asteartetik igandera egin ahalko dira, 10:00etatik 19:00etara. Ordu tarteak betetzen joan ahala, desaktibatu egingo dira data eta ordu horiek hautatzeko aukera.

Gonbidapenak Internet bidez eskuratzeko, EAEko biztanleek beren NAN agirian agertzen den helbidearen posta kodea adierazi beharko dute, eta pertsona batek lau sarrera erreserbatu ahalko ditu gehienez. Mota horretako gonbidapenarekin doazen guztiek EAEn bizi direla egiaztatzen duen agiri bat erakutsi beharko dute museora iristean, eta "BBKartea" izenarekin identifikatutako atetik sartuko dira.

Orain arte, 60.000 lagunek erreserbatu dute hitzordua.

Bisitariek Sekzioak / Intersekzioak erakusketa ikusiko dute: eraikinaren hiru solairuetan paratu dute, eta museoaren bilduma propioko obrek osatzen dute.

Urtero legez, joan den asteburuan, mundu guztiarentzat, EAEkoa izan zein ez, zabalik egon da museoa.