Artea
Ekainaren 4ra arte
"90 berriak" erakusketa San Telmon, 1990eko hamarkadako kolektibo artistikoei begira
N. V. | EITB Media
"Mugimendu kolektiboek eta talde ekimenek kultura ordena berri bat ezarri zuten aldia" da erakusketaren esparrua: El Gallinero, Zelai Azpi, Zapatari, Arteleku, La Fiambrera, Las Chamas, Consonni eta besteren artelanak, bideo-artea, dokumentu grafikoak, liburuak, proiekzioak…
"90 berriak" San Telmo Museoak gaur aurkeztu duen eta bihar zabalduko duen erakusketa 1980ko hamarkadaren azken urteetan, 1990eko hamarkadakoetan eta milurteko berriaren hasierakoetan lan egin zuten hainbat kolektibo artistikotara egindako hurbilketa da, "beren energiak konpromiso sozial, politiko, intelektual, feminista eta ekologistetatik abiatuta ikuspegi alternatibo, periferiko eta mugaz gaindikoekin batu zituzten kolektibo horiei buruzkoa".
Hainbat ekimen eta guneren espiritua jasotzen du bildumak, horietako batzuk oraindik ere jardunean daudenak nazioartean edo gure artean, hala nola El Gallinero, Zelai Azpi, Zapatari, Arteleku, La Fiambrera, Las Chamas edo Consonni.
Erakusketaren ibilbidea kronologikoa da, ikuspegi artistiko horien bilakaera biltzen du eta gertakari sozial paraleloak ere nabarmentzen ditu, museotik azaldu dutenez.
Horrez gain, hainbat hitzaldi egongo dira erakusketaren harira, Odile Kruzeta (apirilak 19), Nicolas Bourriaud (apirilak 28) eta Peio Agirre, Asier Perez eta Beatriz Silvaren eskutik, azken hori Nekane Aramburu "90 berriak"en komisarioak gidatuta.
Halaber, bisita gidatu doakoak egin ahalko dira astearteetan (10:30ean gaztelaniaz eta 18:00etan euskaraz) eta larunbatetan (10:30ean euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz).