Artea
''Denboraren aztarna''
Tadanori Yamaguchik aluminioa eta harria uztartu ditu Mañarian
N. V. | EITB Media
Angurreta Harrobia Arte Espazioak artista japoniarraren lau pieza hartuko ditu bihartik aurrera.
-
"Denboraren aztarna" erakusketako irudi bat
Tadanori Yamaguchi artista japoniarrak "Denboraren aztarna" lau piezako instalazioa egin du Mañarian, Angurreta Harrobia Arte Espazioan. Antzinako meatze-ustiapena "ezohiko" bihurtu da, "gizakiaren esku-hartzeari esker".
Tadanori Yamaguchiren (Nagoya, 1970) lanek "ingurunearekin hitz egin eta naturaren dinamismoa eta denboraren joana bilatzen dute", arte espaziotik azaldu dutenez. Mañarian, aluminiozko estanpazio bat egin du harriaren gainazalean, eskulturak gauzatzeko. Hiru urtez egongo dira bertan ikusgai.
Angurreta Harrobia Arte Espazioa 2021ean zabaldu zuten Mañarian. 1970eko hamarkadatik ustiatu gabeko harrobia da, eta, Victor Arrizabalaga artista buru dela, kulturgune bat antolatzea erabaki eta elkarte bat sortu dute.
Angurretako harrobi zaharra Mañariko Aldebaraieta auzoan dago. Bertatik ateratako harria ezaguna egin zen zeukan marmol kutsuko tonu beltzagatik. "Mañariko grisa" izenarekin egin zen ezaguna.