Itxi

Artea

Erakusketa

Tabakalerak "That Time" aurkeztu du, inoiz antolatutako erakusketarik handiena

N. V. | EITB Media

Donostiako zentroak eta Arte Ederren Bilboko Museoak antolatu dute erakusketa, batera. Bilboko museoaren bilduma iraunkorra du ardatz, eta 80 artistaren 107 lanek osatzen dute.

  • "That Time" erakusketaren irudi bat

    "That Time" erakusketaren irudi bat

Tabakalerak eta Arte Ederren Bilboko Museoak "That Time" erakusketa bateratua aurkeztu dute gaur arte garaikideko Donostiako zentroan. Bilboko museoa handitzeko lanetan ari direnez, ehun bat artelan utzi ditu Donostiako zentroaren esku, eta han egongo dira ikusgai, Tabakalerako hiru lanekin batera, azaroaren 5era arte.

"That Time" erakusketak 1.500 metro karratu hartzen ditu guztira, Tabakalerako lehen solairuan barrena, ibilbide zirkularra osastuta, eta 80 artistaren 107 lan daude orotara ikusgai.

Erakusketak zenbait egileren eta hainbat arotako hamaika busto eskultorikorekin ematen dio ongietorria bisitariari; batzuk anonimoak eta data ezezagunekoak dira, eta beste batzuk, aldiz, artista ezagunek eginak (Francisco Durrio, Quintín de Torre, Josep Clará, Eduardo Arroyo).

Hiru zatitan banatutako erakusketako lanen egileen zerrenda luzea eta garrantzitsua da; horretan ageri dira Vicente Ameztoy, Ibon Aranberri, Bonifacio, Marta Cárdenas, Juan Luis Goenaga, Susana Talayero, Cy Twombly, Joan Pié, Elena Asins, Remigio Mendiburu, Francis Bacon, Greco; Vicente Cutanda, Celso Lagar, Daniel Vázquez Díaz, Aurelio Arteta, Agustín Ibarrola, June Crespo, Goya, Anthony Caro, Mari Puri Herrero, Idoia Montón, Vicente Larrea, Iñaki Gracenea; eta Txomin Badiola, Fernand Léger, Markus Lüpertz, Nemesio Mogrobejo, Miren Arenzana, Zurbaran eta Maria Helena Vieira da Silva .

Obra horiek guztiak hiru lan garaikiderekin elkarrizketan izango dira: Pausa pulsar Ainara LeGardonen instalazioa, The Same Ground Ilke Gersen lana eta Exergo Jorge Moneorena.

Charles Garrad zinema zuzendari eta artista multimediaren That Time filmak ixten du erakusketa honen ibilbide zirkularra.