Itxi

Bertsolaritza

Elkarrizketa

Jon Maia: 'Bertso eskoletakook ekarri genuen iraultza jaso nahi nuen'

Natxo Velez | eitb.eus

80ko eta 90eko hamarkadetan bertsolaritzan izandako eraberritze prozesuaren argazki pertsonala bildu du bertsolariak Berriak jaio ginen liburu autobiografikoan.

Jon Maia bertsolari eta idazleak (Urretxu, 1972) lehen lerroan bizi izan zuen gaur egungo bertsolaritzara iristeko bidean izan den azken “iraultza handia”: bertso eskoletatik pasatutako neska-mutikoak plaza eta txapelketetara iritsi ziren 80ko hamarkadaren bigarren erdialdean, aldean beren mundu ikuskera berriak (erreferente berriak zineman, politikan eta musikan, berbarako) eta horiekin bat egiten zuen publikoa zekartela.

Berriak jaio ginen (Lanku, 2017) liburua garai horren lekukotza zintzoa da, aldaketa bultzatu zuen protagonistetako baten ahotsean. Baina hori baino gehiago ere bada lana: euskal kulturaren, nortasunaren eta beste hamaika gairen inguruko hausnarketaz jositako bidaia baten kronika, Jon Maiak bertsolaritzan ziharduen sarkin gazte izatetik egungo bertsolaritzaren katebegi izan arte egindako joan-etorriaren kontakizuna.

Abenduaren 17an BECen, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, izateko lehia bizian den bertsolariarengana jo dugu, liburuaren inguruko zertzelada batzuen xerka.

Zerk bultzatu zaitu Berriak jaio ginen idaztera?

Aspaldi nuen buruan. Bertso eskoletako lehen belaunaldiak bertsolaritzara iritsi ginenean iraultza handi bat gertatu zela pentsatu izan dut beti, eta hori, nire estilora, jasota utzi nahi nuen.

Zer alde nagusi daude fikzioa idaztearen eta liburu autobiografikoa idaztearen artean?

Nik fikziozko liburu bakarra idatzi dut, Riomundo eleberria, eta nire esperientziagatik esango nuke lan handiagoa eman zidala hark. Hemen garbi nuen nolako liburua egin nahi nuen, eta nire oroitzapen eta gogoetak, asmatu beharrik gabe, nahi nuen estilo horretan formulatzea izan da hartu dudan lana.

Hori bai, bertigoa ematen du norberaren kontu intimoak horrela esateak...

80ko eta 90eko hamarkadetan bertso eskoletan jardundako gazteek zer ekarri zenioten bertsolaritzari?

Gure euskal kultura berria ekarri genuen: euskarazko telebistak; gazte literatura, gaztelaniazkoa zein euskarazkoa; lehen bideo jokoak; Internet; gazte militantzia politikoa; beste euskara bat; beste unibertso imajinario bat eta, noski, horrekin konektatzen zuen publiko berri bat.

Zelan hartu zintuzteten aurrekoek? Lazkao Txikik “rockanrona, ingelesa ta hoi dana drogea dek” esan zizun bertso saio baten ostean…

Ondo, esango nuke. Bertsolaritza nahiko eredugarria iruditzen zait eraberritze eta eguneratze prozesu honetan. Noski, ziriak eta batzuetan komentario mingarriak ere baziren, baina besterik ez.

Noiz ahaldundu zinen bertsolari gisa? Noiz utzi zenion zeure burua bertsolaritzan sarkin dabilen gazte gisa ikusteari bertsolaritzaren katebegi ikusten hasteko?

97ko Euskal Herriko Txapelketako finalean sartu nintzenean konfiantza handia hartu nuen. Batetik, saio asko egiten hasi nintzelako eta, bestetik, nire bertsokera harentzat zigilu moduko bat izan zelako.

Zenbaitetan, dudak izan dituzu bertsolaritzan jarraitzeko, liburuan jaso duzunez. Zerk egiten du, zure ustez, bertsolaria bertsolari?

Nik uste edozein sortzailek bere bidean (eta gehiago nerabezaroan) izan ditzakeen dilemak direla: “Ondo egiten al dut? Merezi al du urduritasun eta larritasun hauek pasatzea? Jendearen gustukoa al naiz? Ekarpenik egiten al dut?”.

Baina, tira! Bertsolari sentitzeko zer behar duen, bakoitzak baldintza desberdinak izango ditugu...

Etorkizun hurbilean, zure belaunaldikoek bertsogintzari ekarri zenioten aldaketaren parekorik aurreikusten duzu?

Ez da erraza halako iraultza handiak gertatzea. Basarrirekin izan zen, Amurizarekin ere bai, eta gero iruditzen zait bertso eskolena izan dela. Belaunaldi guztien erronka da bizi dugun kultura eta jendarte garaikidean gure funtzioa eta lekua egiten jarraitzea.

Bertsolari ez ezik, idazle ere aritzen zara, nobelagile, letragile, antzerkigile eta gidoilari dela. Zertan ari zara lanean orain?

Orain Txapelketa Nagusiari begira nabil, prosa kontuak utzita.