Itxi

Bertsolaritza

Maiatzak 2-14

Bertsolaritzaren garapenari begiratuko diote Donostian, Bilintx gogoan

N. V. | EITB Media

Donostiar bertsolaria oroituko dute, Bilintxen Menda bertso hamabostaldian, haren jaiotzaren 190. Urteurrenean.

  • Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Andoni Egaña

    Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi eta Andoni Egaña

Apirilaren 28an, 190 beteko dira Indalezio Bizkarrondo Bilintx bertsolaria jaio zela, eta Donostiako Udalak Bilintxen Menda bertso hamabostaldia antolatu du urteurren horren kariaz.

Bertsoa ardatz hartuta, lau ekitaldi prestatu ditu Xabier Euzkitze bertsolariak, maiatzaren 2tik 14rako.

Maiatzaren 2an, Antzoki Zaharrean donostiar bertsolari historikoaren bizitza eta pentsamendua aztertuko dituzte Unai Agirre, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus bertsolariek, eta haren hainbat bertso kantatuko dituzte Joxan Goikoetxea eta Imanol Kamio musikarien laguntzaz.

Maiatzaren 6an, “Erdaretatik bertsotara” mahai ingurua izango da Okendo Kultur Etxean, eta erdaretatik plazetarako urratsa egin duten hiru lagunen lekukotasunak bilduko dituzte bertan: Jone Uria, Jon Maia eta Aitor Servier

Maiatzaren 11n, Imanol Lazkanok “Gorbatatik piercingera” hitzaldia eskainiko Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan.

Azkenik, maiatzaren 14an bertso saioa egingo dute Imanol Larzabal aretoan (Lugaritz) Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek, Joxerra Garzia gai-jartzaile dela.