Itxi

Bertsolaritza

Finalaurrekoa

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako azken urratsa, gaur Bilbon

N. V. | EITB Media

Abenduaren 3an, Aitor Mendiluzek, Amets Arzallusek, Joanes Illarregik, Jone Uriak, Maddalen Arzallusek eta Saioa Alkaizak kantatuko dute Bizkaia frontoian. Saio hori bukatutakoan jakingo dugu zer zazpi bertsolari arituko diren finalean Maialen Lujanbiorekin batera.

  • Jone Uria, Txapelketako Donostiako saioan. Argazkia: Bertsozale Elkartea. XDZ.

    Jone Uria, Txapelketako Donostiako saioan. Argazkia: Bertsozale Elkartea. XDZ.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko zazpigarren eta azken finalaurrekoa larunbatean, abenduak 3, jokatuko da Bilbon, Bizkaia frontoian. Saio hori bukatutakoan jakingo dugu zein izango diren abenduaren 18ko finalean Iruñea Maialen Lujanbio txapeldunarekin kantatuko duten bertsolariak.

Sei bertsolari igoko dira larunbatean oholtzara: Aitor Mendiluze Gonzalez, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia eta Saioa Alkaiza Guallar.

Bertsoaldi guztiak zuzenean ikusi ahalko dira eitb.eus-en eta ETB4n, 17:00etatik aurrera.  

Bertsolariek hurrengo ariketak osatu beharko dituzte:

Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian
Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian
Ganbarako lana: banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian; eta gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian
Finalaurrekoen lehen itzuliko puntuazioa bigarren itzulikoarekin batu behar da.

ETB1ek 22:30etik aurrera eskainiko du Bilboko saioa larunbat gauean bertan, grabatuta, lehen ganbarako lanetik aurrera.