Durangoko Azoka
Gaur gurekin, Azokan
Xabier Usabiaga: 'Euskal kultura anitzaren topagunea da Azoka'
Natxo Velez | eitb.com
"Gaur Egun" eta "Debatea" saioetako aurkezle eta ETBko txirrindularitza emanaldietako adituak Durangoko Azokan zer egin ohi duen azaldu digu, eta bertaratzen direnentzako aholku batzuk eman dizkigu.
-
Xabier Usabiaga. Argazkia: EiTB.
Azokara joateko ohitura aspaldidanik duzu? Zer alde ikusten dituzu lehengo eta oraingo Azokaren artean?
Bai, aspaldidanik. Eskolatik Batxilergorako aldaketa egin genuen urtean joan ginen lehenengoz, txangoan, eta halakotzat hartu genuen, beste festa bat bezala, jairako beste aukera bat gisa. Gerora, noski, euskararen eta euskal kulturaren mundurako hitzordu garrantzitsua dela neureganatu dut, euskal kultura anitzaren topagunea, eta eskaintza osoa batera, kolpe batean, ikusteko bidea.
Zer du Azokak horrenbeste jende erakartzeko?
Egia da urteko datu errealekin, urteko kultur kontsumoarekin, lotura gutxi duela jendeak Durangoko deiaren aurrean izaten duen erantzunak. Euskal kulturaren deiari, premiei, erantzuteko dagoen ohitura gero urte osoan kultura kontsumitzeko dagoena baino nabarmen handiagoa da. Beharbada, jai ukituak ere erakargarritasuna gehitzen dio Azokari.
Zerbait gehitu edo kenduko zenuke?
Kontsumitzeko bideen aldaketa, teknologia berriak... hor daude, eta Durangoko Azokak adi egon behar du eguneratzeko, horren garai aldakorretara egokitzeko. Horren ildotik, oso bide ona iruditzen zait Azoka hiriko hainbat gunetara zabaltzea. Gune ezberdinak izatea ekarpen oso polita da, eta aberasgarria oso Azokarentzat.
Nolakoa izaten da zure egun bat Durangoko Azokan?
Denboraz urri ibili ohi naiz; beraz, gune nagusira sartu-irtena egiten dut, halabeharrez. Niretzat eta umeentzat zer eskaintza dagoen ikusi, eta erosi egiten dut. Gainera, ohitura hori, Durangoko Azokaren esanahia, umeei transmititzen saiatzen naiz.
Zein disko eta liburu gomendatuko zenituzke aurten erosteko?
Martutene liburua gomendatuko nuke. Musikari dagokionez, Ruperrek hainbat euskal klasikori eman dien ukitua goraipatuko nuke.