Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Abenduak 5

Musikari eta programatzaileak, aukera baten bila

Natxo Velez | eitb.eus

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak eta Durangoko Azokak Musika arloko Sortzaile eta Programatzaileen arteko Topaketa antolatu dute Durangon, musika eskolan, non bestela.

  • Xabi Bandini

    Xabi Bandini musikariak hitzez eta kantuz azaldu du bere proposamena

Durangoko Azoka, zerbait bada, bilaketarako eta topaketarako gunea da, baita negoziorakoa ere, zergatik uka. Horren jakitun, EHMBE Euskal Herriko Muska Bulegoa Elkarteak eta Durangoko Azokak berak Musika arloko Sortzaile eta Programatzaileen arteko Topaketa antolatu dute gaur, abenduak 5, 54. edizioaren hasieran. 

18 sortzaile hasiberri (Nahiak Nahi, Xatiro...) zein beteranok (Mikel Markez, Willis Drummond, Thierry Biscary,,,) edo berorien ordezkariek proiektuak aurkeztu dituzte banan-banan, hamarna minutuko solasaldietan, udaletako, aretoetako eta Atlantikaldiko eta beste hainbat jaialditako hogei bat programatzaileren aurrean.

Aitor Bengoetxea EHMBEren presidenteak azaldu digunez, Durangoko Azoka “erakusleiho bikaina” da “programatzaileen eta sortzaileen arteko distantziak murriztu” nahi dituen ekimenerako. Aurtengoa jarduera hau egiteko “lehen saiakera” da, baina “jarraitzeko bokazioz” sortu du musikagintza sektoreko lan elkarteak biltzen dituen bulegoak DA PRO! topaketa.

Bengoetxearen hitzetan, 2015ean sortutako elkartea, diru publikoz lagundua baina autonomoa, orain ari da “gorpuzten”, eta zuzendaritza batzorde batek gidatutako bost langilek kudeatzen dute, euskal muska “sortu, banatu eta nazioartekotzeko” eta publikoa “sentsibilizatzeko” xedez.

“Kontaktuak”

Iont gasteiztar rock eta metal taldeari Ahotsenearen bidez iritsi zitzaion DA PROn parte hartzeko gonbita, Mikel Cuesta baxuak eta Mikel Salcedo abeslariak azaldu digutenez.

Berri Txarrak Lagunartean kontzertuan jo genuen, Ahotseneak bertan paratutako karpan, eta hemen egon nahi ote genuen galdetzeko idatzi ziguten. Gure diskoa Musikazuzeneanen erakusmahaian dugu, eta, Durangon geundela baliatuta, bertan parte hartu dugu, kontzertuak lotzeko asmoz”.

Ionteko kideak, aurkezpena egiten

“Geure kabuz funtzionatu nahi dugu, baina zail dugu, aretoetatik haratago, jaialdi eta jaietan jotzera iristea. Udal teknikariek eta jaialdien antolatzaileek promotore handiengana jotzen dute, eta, hori dela eta, beti egoten dira talde bertsuak kartel guztietan”.

“Neurria”

Saioa Torre Getxoko Udaleko kultur teknikariak ez du ukatu promotoreen parte-hartzea, baina zehaztapen batzuk egin ditu. Haren esanetan, publiko orokor eta espezializatuarentzako “programazio zabal, indartsu eta plurala” egiteko bidean, "guk Muxikebarri areto berriari begira nahiko genukeen bezala", promotoreek badute beren tokia, “askotan, lanez gainezka, delegatu egin behar izaten dugulako eta besteetan askotariko publikoarentzako eskaintza orekatuaren bila".

“Dena dela, askotan promotoreek beren dirua arriskatzen dute, leihatilan ateratzen dutena baizik ez baitute jasotzen”.

Torreren iritziz, “neurrian” dago koska: “Programazio publikoak publiko mota guztiak ase behar ditu. Jendeak entzun nahi duena eskaini behar dugu, baina, horrekin batera, bide berriak irekitzen saiatu behar dugu, ikusleari berez jasotzen duena baino gehiago eskaini, proposamen aberatsagoak eginez”.

Hain zuzen ere hor, gizakiak aberasteko kolore ezberdinak eskaini behar horretan, denetariko proposamenek dute tokia, zeinek bere neurrian, txikienetik hasi eta handienera arte.