Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Saiakera

'Euskararen bidegurutzetik', Kike Amonarrizen obsesio eta ilusioen bilduma

Natxo Velez | eitb.eus

Kike Amonarriz soziolinguista, telebista aurkezle eta Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak euskararen gaineko bere bizipen eta hausnarketak batu ditu Durangoko Azokan aurkeztu duen lanean.

  • Xabier Mendiguren

    Xabier Mendiguren Elkarreko editorea eta Kike Amonarriz liburuaren egilea

Kike Amonarrizen (Tolosa, 1961) ustez, bidegurutze baten aurrean dago euskara. Normalizaziorako edo bazterkeriarako bideak ditu zabalik, eta erabileraren bilakaerak ebatziko ditu euskararen pausoak hurrengo urteetan, oro har gaitasunaren arloan ezin baita askoz gehiago aurreratu.

Tesi hori du abiapuntu “Euskararen bidegurutzetik” (Elkar, 2019) saiakerak, Amonarrizi azken urteotan han-hor-hemen emandako hitzaldietan esandakoak edota artikuluetan papereratutakoak ordenatu eta “modu koherentean” kaleratzeko aukera eman dion liburuak.

Kike Amonarrizek Xabier Mendiguren Elkarreko editorea lagun gaur Durangoko Azokako Areto Nagusian xehatu duenez, liburu dibulgatiboa da “Euskararen bidegurutzetik”, “mamitsua izanagatik edozein euskaltzale ez-espezializatuk erraz irakurtzeko modukoa”.

Amonarrizen esanetan, azalak berak erakusten duenez (Ekaitz Zilarmendi argazkilariak egin du), euskaldunon komunitatea geldirik da (“inpass moduko batean gaude egun, nora, nondik eta nola jo ebazten”, azaldu du Amonarrizek solasaldian), hiri inguru batean (“etorkizuna kalean dago, eta ez mendian”), aurrean, zeruan, laino eta ostarteak dituela, baina zeruertza garbi dakusala.

Urteotako “obsesio eta ilusioak” hamabi ataletan aletu ditu Amonarrizek Elkar argitaletxeak kaleratu duen lanean: euskararen lekua munduan (“txikitasunaren mitoa eroritakoan, jendea hobeto kokatzen da euskararen aurrean”), paradigma aldaketa (“ikuspegia hizkuntzaren galeran jarri beharrean, horren biziraupenean jar daiteke”), ohar autobiografikoak (“nork bere historia soziolinguistikoa du, eta hurrengo belaunaldiek ezagutu egin behar dute, gu hobeto ezagutzeko”)…

364 orriko lanean, umorea ere tartekatuta, euskarak, euskaldunok, aurrean ditugun demak errepasatu ditu Amonarrizek, aktibaziorako dei patxadatsu eta datuz betea izan nahi duen saiakeran.

Gogoratuko ote gara, atzera egiteko beranduegi denean, bidegurutze horretan geundela hartu genuen norabideaz?