Itxi

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

Durangoko Azoka

''Eukalyptus''

Euskaldun kontzientziatuek (ere) eukaliptoa kontsumitzen dute

Natxo Velez (Durango)

Iazko Sormen Bekaren emaitza, "Eukalyptus" antzezlana, gaur estreinatu dute Durangoko Azokan, Szenatokia gunean.

0:36

Jon Ander Urresti bermeotar sortzaileak irabazi zuen iaz Durangoko Azokaren Sormen Beka, "Eukalyptus" proiektuari esker, eta gaur estreinatu dute antzezlana, Durangoko Azokan bertan, Szenatokia gunean.

Matxalen de Pedrok eta Jon Ander Urrestik zuzendu dute lana, beraiek, Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazleak eta Beñat Urrutiak zortzi eskutara idatzitako testu batean oinarrituta, eta Urresti eta Urrutia bera arduratzen dira testuok agertoki gainean mamitzeaz, gorpuzteaz.

Ordubeteko lanaren lehen erdia taularatu dute goizeko saioan, lagin gisa, eta Urrestik iaz agindu zuen moduan, obraren asmoa geure aurrean ispilu bat jartzea bada, irudian —aurreikus zitekeen— zatar demonio irten garela aurrera genezake. Errua, esan gabe doa, geurea da, eta ez "gure kontsumo ohiturak nahiz erantzukizun kolonialistak" aurrez aurre jarri nahi izan dizkigun egilearena.

Umore satirikoa nagusi dela, lurjabea (Urresti) eta langilea (Urrutia) elkarrizketan agertzen zaizkigu agertokian, musika eta argi fluoreszenteak lagun, eta espantsionismoa, monokultiboa eta, oro har, kapitalismoaren ajeak lerratzen dira ikuslearen gogora obraren lehen zati horretan, noiz hitzez, noiz koplaz, irriño eta irriño artean.

Bigarren zatian, "inperio ororen eta, hartara, monolaborantzaren inperioaren aurka ere badagoen euskaldun kontzientziatuari" zuzentzen zaizkio aktoreak jolasti eta barregarri, kontzientzia kritiko hori gorabehera "urtean 160 kilo zelulosa, lau eukalipto arbola" erabiltzen dituen pertsona horri, kontraesanak azaleratzeko.

Lehen saio laburtua horretan gelditu da, tamalez, baina gehiagorako gogoz gelditu garenok hainbat hitzordu ditugu aurretik "Eukalyptus" ikusteko, sarreran banatu duten paperezko eskuorriak agintzen duenez.

Lehenengo hitzorduak hauek izango dira: Aulesti (urtarrilak 19), Antzuola (urtarrilak 21), Lesaka (otsailak 25), Sara (martxoak 9), Ajangiz (martxoak 29), Bergara (apirilak 6)…