Itxi

Durangoko Azoka

Sormen Beka

"Argizagi" animaziozko telesailak irabazi du aurtengo Sormen Beka

Natxo Velez (Durango)

Datorren urteko Durangoko Azokan egongo da ikusgai Marramiau Sorkuntza Taldearen proiektua. 5 eta 10 minutu arteko bospasei ataleko sorta bat izango da, haurrei zuzendua.

0:20

"Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz" animaziozko telesailak irabazi du aurten Durangoko Azokak urtero eskaintzen duen Sormen Beka. Ihintza Iriarte Apezetxeak, Miren Bereziartua Lonbidek eta Uxue Bereziartua Lonbidek osatzen duten Marramiau Sorkuntza Taldeak 15.000 euro izango ditu, hortaz, proiektua mamitu eta datorren urteko Durangoko Azokan aurkezteko.

Aurtengo deialdia haurren eta familien ikuskizunei begira egon da, aurrekoak literaturari, musikari, ikus-entzunezkoei, bideojokoei eta arte eszenikoei eskaini ostean.

"Argizagi" animaziozko telesaila da, eta 5 eta 10 minutu arteko bospasei kapituluk osatuko dute. Izei lurtarrak Ekai eta Nahi estralurtarrak ezagutuko ditu, eta argi zubi bat irekiko dute bi planetaren artean bidaiatzea ahalbidetzen duena.

Amaia Henneboute antzezleak, Ana Revuelta Artaziak hezkuntza artistikorako ekimeneko kideak, Josu Bergara musikariak eta Martxel Zubia Saguganbara Durangoko Azokako haurren guneko arduradunak osatu dute epaimahaia, eta adierazi dute egitasmoak euskarak eremu digitalean duen beharrari erantzuten diola, kalitatezko produktu baten bidez, eta eremu pedagogikoan ekarpena egin dezakeela erantsi dute.

Saridunak oso pozik agertu dira. "Ez genuen espero", adierazi dute kazetarien aurrean, 15.000 euroko txekea aldean zutela. "Haurrentzako serie bat sortzeko gogoa genuen, hiruron interesak uztartzen dituelako. Uxue irudigintzan jarduten da, Miren soinuan eta ni (Ihintza) bikoizketan".

Hiru gazteak, gainera, bidea gozatzeko gogoz agertu dira. "Proiektuaren helburuetako bat da profesionalekin, guk baino esperientzia handiagoa dutenekin, elkarlana sortzea", adierazi dute.

Gidoian murgilduta daude orain, eta urtebete barru eramango gaitu "Argizagi" lanak, dena ondo bidean, izar artera.