Itxi

Euskara

Azaroak 23 - abenduak 3

Ia 60.000 lagunek eman dute izena dagoeneko Euskaraldian

Agentziak | Erredakzioa

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den ariketa soziala egiteko hilabete falta denean, izena eman duten gehienek ahobizi izateko asmoa agertu dute.

Euskal Herriko lurralde guztietako ia 60.000 lagunek eman dute izena dagoeneko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den Euskaraldia ariketa sozialean, abian jartzeko hilabete falta denean.

Irailaren 20an zabaldu zen izen-ematea, eta norbanakoek bi bide aukeratu ahal dituzte izen-ematea burutzeko: eskuz, izen-emate orrien bitartez, eta www.euskaraldia.eus webgunearen bitartez, egitasmoaren koordinatzaileek gaur Donostian zehaztu dutenez.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak emandako datuen arabera, izena eman dutenen % 45 gipuzkoarrak dira, % 31 bizkaitarrak, % 12 nafarrak, % 9 arabarrak, % 2 Lapurdikoak eta %1 Nafarroa Beherekoak eta Zuberoakoak.

Dena dela, Arrate Illaro Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiaren koordinatzaileak azpimarratu duenez, Euskaraldiaren xedea "ariketa kualitatiboa" egitea dela, "ez kuantitatiboa": "Helburua ez da zenbatek parte hartzen duten, baizik eta parte hartzen duten horiek ematen dituzten urratsak hizkuntza ohiturak aldatzeko".

Hori dela eta, Dobaranek esan duenez, "datuek baino gehiago, sortuko diren aldaketek dute guretzat garrantzia. Hurrengo asteotarako beraz, ez dugu partaide kopuruen gaineko helburu zehatzik finkatu".

Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak zehaztu du lehen hilabete honetan izena eman dutenen artean nagusi direla ahobizi modura aritzeko gogoa agertu dutenak.