Literatura
Gogoan
Bilbok Blas de Otero oroituko du, idazlearen jaiotzaren mendeurrenean
Agentziak | Erredakzioa
“Historias fingidas y verdaderas” prosa poetikoko bere lanaren edizio elebiduna argitaratu dute, Andres Urrutiak itzulia. José Manuel Caballero Bonald Cervantes saridunak egin du hitzaurrea.
El Gallo de Oro argitaletxeak “Historias fingidas y verdaderas / Istorioak, alegiazkoak nahiz egiazkoak” Blas de Otero bilbotar poetaren lanaren euskara eta gaztelaniako edizio elebiduna argitaratu du, poetaren jaiotzaren mendeurrena betetzen den honetan.
Edizio berri honen hitzaurrea José Manuel Caballero Bonald Cervantes saridunak egin du, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak, bilbotar poetaren lanean adituak, egin du itzulpena.
Hitzaurrean Caballero Bonaldek “agortezin eta eder”tzat deskribatutako Blas de Oteroren lan hau publikatu zenetik 45 urte bete direnean merkaturatu dute liburua ostera ere.
Argitaletxeak ohar baten bidez zabaldutakoaren arabera, “idazketa liriko eta prosaikoa, samur eta ironikoa” sortu zuen Blas de Oterok testu honetan, “etikan eta estetikan errotutakoa”.
Itzulpena
Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu digunez, jatorrizko testuaren “indar poetikoa, barne muineko poesia”, euskaraz ematen saiatu da itzulpenean, hitzez-hitzezko itzulpena egin beharrean, tresna gisa “euskarak berezkoak dituen baliabideak” erabiliz: “aliterazioak, euskalkietako hitz adierazkorrak…”.
Oterok euskararekin izan zuen kezkak ez du orain arte oihartzunik izan euskarazko testuetan, Gabriel Arestik bere garaian eginiko itzulpen solte batzuez haraindi, eta Urrutiak euskararen eta poeta bilbotarraren lanaren arteko zorra kitatu du itzulpen honekin.
“Itzultzaileena funtsezko lana da, eta horrelako testu klasikoen itzulpenak eman ahal izatea aurrerapen galanta da. Duela 20-25 urte pentsaezina zen itzulpengintzan gaur egungo panorama izatea, eta horretan jarraitu behar dugu, literatura unibertsalaren lanak euskarara ere ekartzen”, esan du Urrutiak.
"Poeta soziala"
Blas de Otero (Bilbo, 1916ko martxoaren 15a – Majadahonda, Madril, 1979ko ekainaren 29a) 50eko hamarkadako gaztelaniazko poesia sozialaren ordezkari nagusietakoa izan zen, eta “beti jardun zuen edertasunaren eta justiziaren alde, behar gorritik abiatuta idatziz”.
Espainiako Gerra Zibilak Bilbon harrapatu zuen De Otero, eta gudari talde batean borrokatu zen bertan. Gero, “arazketa eremu batean” hainbat denbora egon eta gero, “nazionalek” Valentziako frontera bidali zuten.
Gerraren ondoren, sormen lana eta bizirauteko beste lan batzuk tartekatu zituen: eskolak eman zituen, hitzaldiak eta ikastaroak eskaini, eta Bizkaiko meategi batean ere jardun zen.
“Hemen duzue, kantu eta arima, maitatu zuen eta bizi izan zen, barrutik hil zen gizona / eta egun batean kalera jaitsi zen: orduan ulertu egin zuen: eta bertso guztiak hautsi zituen”. Hori idatzi zuen Blas de Oterok “A la inmensa mayoría” lanean.