Itxi

Literatura

Bernardo Atxaga

Obaba, munduko 100 unibertso literario garrantzitsuenen artean

Agentziak | Erredakzioa

"Literary Wonderlands" liburuak literaturaren historian sortu diren 100 literatura unibertso garrantzitsuenak bildu ditu, eta Bernardo Atxagak sorturikoa horien artean sartu dute.

Literaturaren historian sortu diren 100 unibertso literario garrantzitsuenak bildu dituzte "Literary Wonderlands" liburuan, eta mundu horien artean sartu dute Bernardo Atxagak sorturiko Obaba, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.

"Literary Wonderlands: A Journey Through the Greatest Fictional Worlds Ever Created" du izenburu Laura Millerrek atondutako bildumak. Oso edizio zaindua duen liburua da, literaturaren historian sortu diren fikziozko unibertso literario ederrenen aipamenekin.

Horrela, editoreek 100 idazlan bildu dituzte katalogoan, beraientzat literaturaren historian giltzarri izan direnak, eta guztiak irakurleontzat ezagunak, besteak beste, Odisea, On Kixote, Gulliverren bidaiak, Alizia herrialde miresgarrian, Eraztunen jauna, Ehun urte bakardadean, Harry Potter, Pedro Paramo eta beste hainbat.

Bada, horien artean, Bernardo Atxagaren "Obabakoak" eta Obaba bera sartu dituzte bilduma horretan.