Itxi

Literatura

Sariak

Euskadi sariak, Luis Garde, Xabier Olarra eta Gabriela Ybarrarentzat

N.V. | eitb.eus

Garderen “Ehiztariaren isilaldia”k irabazi du euskarazko literaturaren Euskadi saria. Euskarazko literatura itzulpenaren arloan, Xabier Olarra saritu dute “Ulises” euskarara ekartzeagatik.

1:26

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 2016ko Euskadi Literatura sarien irabazleak iragarri ditu gaur, euskarazko literatura, gaztelaniazko literatura eta euskarazko literatura itzulpenaren sailetan.

Euskarazko literaturaren arloan, Luis Garde (“Ehiztariaren isilaldia”, Pamiela) saritu dute; gaztelaniazko literaturarenean, Gabriela Ybarra (“El comensal”, Caballo de Troya); eta euskarazko literatura itzulpenaren sailean, Xabier Olarra (“Ulises”, Igela). Bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta 4.000 euro gehiago, lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada (itzulpenaren kasuan izan ezik, noski).

Luis Gardek (Iruñea, 1961) Ezkaba mendiko San Kristobal kartzelan 1938an izandako ihesaren inguruko narrazioa egin du “Ehiztariaren isilaldia” lanean. Jon Kortazar buru izan duen epaimahaiaren iritziz, “liburu aberatsa da, sakona eta gogorra, irakurlearen kontzientzia astintzen duen urruneko sarraski lazgarriaren memoria etiko hurbila”.

Gabriela Ybarra (Bilbo, 1983), gaztelaniazko literatura saileko irabazlea, berriz, heriotzarekin eta familiarekin daukan harremana ulertzen ahalegindu da, eta, horretarako, bi gertakari aztertu ditu: 1977an ETAk bere aitona hil izana eta 2011n bere ama minbiziaren ondorioz zendu zenekoa.

Euskarazko literatura itzulpenaren arloan, azkenik, Xabier Olarra (Tolosa, 1953) itzultzaile nekaezina saritu du Juan Garzia Garmendiak gidatutako epaimahaiak. Saria emateko ebazpenean jaso dutenez, “Ulises” monumentala euskarara ekartzea “ez zen dema makala”, “baina auzo-erdaretako bertsioak berdintzen eta inoiz are gainditzen dituen egokitasun miragarri batez emana datorkigu itzulpen honetan”.

Joan den astean, gainerako ataletako saridunak iragarri zituzten: euskarazko saiakeraren arloan, Mitxelko Uranga izan da irabazlea, “Tartaroa. Mina, boterea eta egia” lanagatik; eta euskarazko haur eta gazte literaturaren sailean, Uxue Alberdirentzat izan da saria, “Besarkada” Maite Gurrutxagarekin batera eginiko liburuagatik.