Itxi

2016/11/02

19:11

Literatura

Etxepare Institutua

Joseba Sarrionandiak euskarari buruzko klaseak emango ditu Kuban

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Etxepare Institutuak Habanan sortutako 'Euskara eta Euskal Kultura' irakurletza zuzenduko du idazleak.

  • Joseba Sarrionandia. Argazkia: EiTB

    Joseba Sarrionandia. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Joseba Sarrionandia idazleak klaseak emango ditu Habanan (Kuba), Etxepare Institutuak bertan sortutako "Euskara eta Euskal Kultura" irakurletza zuzenduko baitu, erakunde horrek baieztatu duenez. Euskal sortzaileak Martuteneko espetxetik ihes egin zuen 1985ean, eta, harrezkero, erbestean bizi izan da, baina ez dago argi non.

Orain, Etxepare Institutuak azaldu duenez, aipatutako irakurletzako irakurlea izango da, hau da, "programa akademikoaren edukia zehaztu eta irakatsiko duena, bai eta gainerako ekintzen arduraduna". Hilaren 22an hasiko da ekimena.

Espetxetik ihes egin ostean liburuak, olerkiak eta entseguak publikatzen jarraitu izan badu ere, ez du inoiz agerraldi publikorik egin, ezta 2011n lortutako Euskadi Literatura Saria jasotzeko ere.

Urte hartan, golardoa irabazi izanak polemika piztu zen sektore batzuetan, baina Eusko Jaurlaritzak (PSE-EEren esku zegoen) defendatu egin zuen Sarrionandiak ez duela auzirik irekita Espainiako justiziarekin.

Etxepare Euskal Institutuak eta Habanako Unibertsitateak 2015ean sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren ondorio da "Euskara eta Euskal Kultura" irakurletza.

Idazle bat klandestinitatean

Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958) euskal kulturgintzako idazle ezagun eta arrakastatsuenetakoa da, eta ibilbide emankorra izan du, azken hamarkadak klandestinitatean eman baditu ere.

Besteak beste, Espainiako Kritikaren saria, euskarazko narratibaren alorrean (1986an eta 2001ean), Literatura Kritikarien Espainiako Elkarteak ematen duen euskarazko narratiba saria (2002) eta Gipuzkoako liburu-saltzaileek urtero ematen duten Zilarrezko Euskadi saria bereganatu ditu.

Bere fruitu nagusi eta zaporetsuenetako batzuk hauek dira: Ni ez naiz hemengoa, Atabala eta euria, Hau da ene ondasun guzia, Lagun izoztua, Narrazioak, Ifar aldeko orduak, Ez gara geure baitakoak eta Han izanik hona naiz.

Gainera, T.S. Elliot olerkari eta antzerkigile angloamerikarraren poemen euskarazko itzultzaile nagusia da.

Mikel Laboak Sarrionandiaren hainbat olerki musikatu ditu.

1980. urtean, 22 urte zituela, 27 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Sarrionandiari, ETAko kide izatea leporatuta. Bost urte geroago, 1985eko uztailaren 7an, baina, Martuteneko kartzelatik ihes egin zuen, Iñaki Pikabea presoarekin batera. Imanol kantariak bertan kontzertua eman ostean, bozgorailuetako batean ezkutatuta egin zuen ihes. Egun, ez du zorrik Espainiako justiziarekin.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;