Literatura
Heriotza
Marijane Minaberri idazlea hil da
eitb.eus
Banka Nafarroa Behereko herrian jaiotako idazleak 90 urte zituen. Euskarazko haur literatura eta irratigintzaren aitzindaritzat jo dute.
Marijane Minaberri baxenafar idazlea zendu da bart, 90 urte zituela. Euskarazko haur literaturaren aitzindaritzat jo dute Minaberri, eta kazetaritzan eta hiztegigintzan ere jardun zen.
60ko hamarkadan hasi zen literaturgintzan, 21 urte zituela, adiskide baten heriotzaren aurrean bere lehen poema idatzi eta gero. 1961ean, “Marigorri” ipuina idatzi zuen, eta, urtebete geroago, “Itchulingo anderea” ipuin bilduma eta “Xoria kantari” poema sorta.
Batik bat, haurrentzako ipuin eta antzezlanak idatzi zituen gero: "Mokhor bat eta mokhor bi" (1965), "Begietakoa", "Joanes Zirtzil", "Manexen nahigabeak", "Auzitegian", "Marikitaren otoitza", "Eri haundia", "Abereen eguberri" eta "Eñaut eta sagutxo"… Haurrak eta antzerkigintza beti ardatz, "Antzerkia ikastetxean" lana argitaratu zuen 1993an.
Oskorri taldeak haren hitz iradokitzaileak hartu, eta “Marijane kanta zan” diskoa kaleratu zuen, 1997. urtean.