Itxi

Literatura

Saria

William Finneganek eta Juan Luis Zabalak Zilarrezko Euskadi saria jaso dute

“The New Yorker”eko artikulugilearen eta azkoitiar idazlearen liburu bana saritu du Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak.

  • "Txistu eta biok" Juan Luis Zabalaren lanak irabazi du euskarazko saria

    "Txistu eta biok" Juan Luis Zabalaren lanak irabazi du euskarazko saria

"Años salvajes" William Fennegan 2016an Pulitzer saria irabazi zuen kazetari beteranoak surfaren inguruan idatzitako autobiografia eta “Txistu eta biok” Juan Luis Zabala idazlearen lana saritu ditu Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak Zilarrezko Euskadi sariarekin.

Donostiako Udal Liburutegian egindako prentsaurreko batean, Finneganek gogora ekarri du 1970ean, 17 urte zituela, egon zela aurrenekoz Donostian, “literaturaren inguruko ideiek” bultzatuta, Hemingwayren lorratzaren atzetik egindako bidaia batean, non ez ziren falta izan “Iruñea eta zezenak”.

“The New Yorker”eko artikulugileak esan duenez, “Años salvajes” liburuak ez du zerikusirik “politikaren, boterearen, gatazken eta bestelako gai serioen inguruan” egindako beste lanekin, baina horrek ekarri dio arrakasta.

“Txistu eta biok” euskarazko Zilarrezko Euskadiren irabazlea, bestalde, 82 atal laburreko lana da, txakur baten eta haren jabearen arteko “elkarrizketak” ditu ardatz, eta literatura erreferentziaz eta eleberri beltzaren ukituz zipriztinduta dago.

Juan Luis Zabala idazle eta kazetariaren esanetan, “txakurrak bultzatu ninduen eleberria idaztera”, eta hasiera-hasieratik “askatasun osoz” gauzatu zuen lana, gai pertsonalak tratatzen zituelako bere buruari jarritako muga guztiak apurtuta, ez baitzuen uste argitaratuko zenik.