Itxi

Musika

MUSIKA-MÚSICA 2016

Bilbo, konpositore erromantikoen doinura

eitb.eus

Schubert, Mendelssohn, Wagner eta Richard Straussen lana izango du ardatz Musika-Música jaialdiak martxoaren 4, 5 eta 6an. Aurten, hiriko auzoetara ere helduko da jaialdia.

  • ‘Erromantikoentzako zubia’ izango da jaialdiaren leloa

    ‘Erromantikoentzako zubia’ izango da jaialdiaren leloa

Musika-Música jaialdia Bilbora, Euskalduna Jauregira, itzuliko da, martxoaren 4, 5 eta 6an, eta, hamabosgarren edizioan, Schubert, Mendelssohn, Wagner eta Richard Straussen lanak izango ditu oinarri.

‘Erromantikoentzako zubia’ izenburupean, jaialdiak 75 kontzertutan 700 musikari profesional baino gehiago entzuteko aukera emango du, eta “prezio eskuragarrian”, antolatzaileak, Bilbao 700 Fundazioak, nabarmendu duenez.

Musika-Música jaialdiaren aurtengo edizioak berritasunak dakartza; izan ere, hirigunetik kanpora helduko da, Auzoz Auzo programaren bidez. Otsailaren 20tik aurrera, Schubert, Mendelssohn, Wagner eta Richard Strauss maisu erromantikoen akordeek oihartzuna egingo dute hiriko kale eta plazetan: Erriberako merkatua, Ametzola parkea, Deustuko Unibertsitatea, Sarrikoko metro geltokia, Basurtuko Ospitalea…

Martxoaren 4tik 6ra Euskalduna Jauregiak hartuko dituen kontzertuetarako sarrerak 6, 8 eta 10 euroan erosi ahalko dira, “programazioaren eta interpretazioaren aldetik kalitate gorena eskainiz mundu kultural hau publiko berrietara hurbiltzeko” helburua duen jaialdian ohikoa denez.

Irekiera kontzertua martxoaren 4an, ostiralean, 18:00etan izango da, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren (BOS) eskutik. Bilboko eta Easo abesbatzekin batera, Wagnerren opera obertura eta koru jakinak eskainiko ditu (Holandar alderraia WWV 63, Lohengrin WWV 75, Tanhäuser WWV 70).

Amaiera kontzertua martxoaren 6an, igandean, 20:15ean izango da: Bilbao 700 Fundazioa William Shakespeareren heriotzaren 400. urteurrenari batuko zaio "Uda-gau bateko ametsa" Felix Mendelssohnen lanarekin. Narratzaile moduan, Teresa Berganza artista gonbidatua izango da.

Musika-Músican, Schuberten inspirazioak, Mendelssohnen dotoretasunak, Wagnerren fusio sortzaileak eta Straussen distira soinudunak izango dute tokia.