Itxi

Musika

Elkarrizketa

Green Valley: 'Positibotasuna bizitzeko modu bat da'

Natxo Velez | eitb.eus

Euskal eta katalan musikariek osatutako reggae-dancehall taldeak “Ahora” seigarren diskoa kaleratu du, Ander Valverde (abizen horren ingelesezko itzulpenetik dator izena) gasteiztarra buru duela.

Hamabost urte pasatu dira dagoeneko Ander Valverde sound system formatuan Gasteizen jotzen hasi zenetik, eta hamarkada bat joan da taldea arabar hiriburutik Bartzelonara aldatu zenetik.

Sei disko eta ehunka kontzertu geroago, baina, Green Valleyk bere mezu positibista lau haizetara zabaltzen jarraitzen du. "Ahora" disko berrian –egunotan ari dira berori aurkezten–, gainera, Morodoren, Swan Fyahbwoyren eta beste lagun askoren ahotsak batu zaizkio bere aldarriari.

Green Valleyren iraganaz, orainaz eta geroaz aritu gara Ander Valverderekin.

2006an, Gasteiz utzi eta Bartzelonara joan zineten "beste agertoki batzuetan bidea egitera". Zer falta zitzaizuen Gasteizen? Bartzelonan, bilatzen zenutena aurkitu duzue?

2006an, orduan genuen adinarekin, gorputzak zerbait berria eskatzen zigun maila pertsonalean zein musika munduan. Ez ginen etorri beste agertoki batzuen bila bakarrik, esperientzia berriak bizi eta ikasten jarraitu nahi genuen.

Hala ere, beti egon gara gure sustraiekin oso lotuta, eta joan eta etorri ibili gara etengabe, lotura hori ez galtzeko.

Ez dut inoiz ahaztuko Bartzelonara heldu ginenekoa: azaroko gau iluna zen, eta maleta ilusioz beterik genuen. Hiri handi honetara sartzean, zorabio sentsazio bat izan genuen, bertan zenbat jende bizi den pentsatuta. Asfaltozko oihanean oinez ari diren inurrien gisara ikusten genuen geure burua.

Denbora pasatu da, eta sentimendu hori desagertu egin da. Beraz, bai: aurkitu dugu, bai, bilatzen genuena. Esperientzia berriak izan ditugu, asko ikasi dugu eta, gainera, munduko txoko guztietako jende harrigarria ezagutu dugu.

Oso talde emankorra zarete. 2012an bigarren diskoa atera zenutenetik, ia urtero atera duzue disko bat.

Orain arte, inspirazioa ez da gelditu. Ematen dugun pauso bakoitzeko, abesti bihurtzea merezi duen zerbait aurkitzen dugu. Egiten dugunari diogun maitasunaren emaitza dela esango nuke.

Konposatzeko orduan, ez dugu formularik: abestiak atera egiten dira. Batzuetan, terrazan gitarrarekin eta melodia berriekin jolasean ari garela ateratzen dira, eta, beste batzuetan, furgonetan akorde berri batzuk asmatu ondoren... Sortzen uzten diegu, eta jolas modura hartzen dugu. Ez dadila musika gelditu.

Green Valley

"Ahora" du izena zuen lan berriak, eta bertan taldearentzat oso garrantzitsua izaten ari den garai bat jaso nahi izan duzuela esan duzue. Zergatik da "Ahora" Green Valleyren beste disko bat baino zerbait gehiago?

"En tus manos" eta "La voz del pueblo" diskoek gizarte kutsu handia zuten: egungo sistema kritikatzen genuen, alderdi guztietatik eta behin barrutik aztertuta. "Hijos de la Tierra"k mezu naturalagoa islatzen zuen. Ama Lurrarekiko lotura estuagoa aldarrikatzen genuen, plastikozko garai hauetan apur bat ahaztuta baitaukagu.

Iraganean ikasitako guztia praktikan jarri eta eguneroko ekintza bakoitzaren bidez errealitate berria sortzen hasteko garaia da "Ahora". Iraganean ikasitakoa eta etorkizunerako ditugun ametsak uztartzen diren unea da.

Hitz pertsonalagoak ere topatu ahal ditugu, nire bizitzaren hainbat unetan nola sentitu naizen azaltzen duten kantuak.

Itxi begiak eta sentitu, ez baitago orainaldia bizitzea baino une hoberik.

Nolakoa izan da diskoa sortu eta grabatzeko prozesua? Nola kaleratuko duzue?

Udaren ostean erabaki genuen estudiora sartu eta sormen-aldia itxitzat emateko garaia zela. Aurreko diskoetan, Roberto Sanchezekin aritu gara lanean, bertatik bertara egon gabe, baina oraingoan, Bartzelonan, ekoizlea aurrez aurre dugula egin nahi izan dugu, Genis Trani (Reggaeland) esperientzia handiko ekoizlearekin, eta kantuei behar zuten ukitua eman diela uste dugu.

Dena bikain joan da lehen unetik bertatik, eta kantu guztietan igar daiteke hori.

Diskoa guk geuk kaleratuko dugu. Gure funtzionamenduaren barruan, printzipio nagusietako bat da ahalik eta gauza gutxien uztea taldetik kanpo. Talde bat gara, eta zereginak banatzen ditugu; gainera, beti izaten dugu Mad91ren laguntza fidela guk geuk egin ezin ditugunak egiteko.

Diskoetxe batzuen proposamenak jaso ditugu, baina, ahal dugun heinean, nahiago dugu geure bidea egin.

Gizarte eta ekonomiaren aldetik, garai txarrak bizi ditugu, baina zuen musikan mezu positiboak igortzen dituzue. Nola atera daiteke argia garai ilunetan?

Egia da garai txarrak direla maila materialean, baina aldaketa oso positiboa gertatzen ari da kontzientzia eta konexio aldetik: jendea esnatzen ari da.

Txarretik zerbait ona atera daiteke beti. Batzuetan, gure bizitza amesgaizto bilakatzen duten kezkez betetzen dugu burua, eta denbora pasatutakoan ohartzen gara ez zela horrenbesterako.

Positibotasuna bizitzeko modu bat da guretzat. Ez du ezertarako balio gure arazoengatik negar egiteak. Hobe da energia sentsazio txar hori sendatzera bideratu eta irakasgai bihurtzea, zerbaiterako balio dezan. Horrelakoak gara eta horrela pentsatzen dugu.

Artista eta talde askok parte hartu dute diskoan: Morodo, Rapsusklei, Fyahbwoy, La Tifa, Movimiento Original eta Tiano Bless. Zer bilatu duzue beraiengan? Zuen estiloan oso ohikoa da talentua batetik bestera ibiltzea …

Kolaborazioak, kantuak bezala, bidean agertzen dira. Oso harreman ona dugu guztiekin, eta musika mailan elkar miresten dugu.

Aspalditik genuen Fyahbwoyrekin lan egiteko gogoa, eta orain egin ahal izan dugu. Morodorekin hamar egunez egon ginen Txilen eta Argentinan, eta lotura handia egon zen. Movimiento Original eta Tiano Blessekin jaialdi batzuetan elkartu gara, Latinoamerikan, eta oso giro ona egon da hasieratik. La Tifari dagokionez, sare sozialen bidez hitz egin genuen berarekin: diskorako, emakume baten ahots berezia nahi genuen, eta berea ikaragarria iruditu zitzaigun. Rapsuskleiren kasua berezia da; izan ere, adiskide onak gara eta batzen garen bakoitzean kantu berri bat sortzen dugu.

Atsegin ditugu kolaborazioak, eta garrantzi handia ematen diegu. Azken finean, musika artea da, eta artea partekatzeko da.

Jarraitzen duzue reggaearen euskal eszena? Zerk eman dizue arreta azkenaldian?

Reggaearen euskal eszenak osasun ona izan du betidanik. Gaur egun, denetariko proposamenak daude reggaearekin lotuta, eta oso erakargarriak dira: sound-ak jo eta ke ari dira Bilbon eta Donostian doinuak ateratzen; Potatok, Gobeo Bayk, Akatzek eta Sirokok bazterrak jamaikar musika oso onaz alaitzen jarraitzen dute; eta rap/reggae/dancehallaren esparruan ere oso proposamen interesgarriak daude, hala nola Novato, Lyrican Style, Kulto Kultivo, Glaukoma, Boneman, DJ Loro, Leo "El Charrúa" eta beste asko.

Euskal Herrian reggaearen eskaintza oparoa dago, gustu eta kalitate handiz egina.

e handiz egina.