Itxi

Musika

Izena emateko epea zabalik

Zuzenekoak emateko sari berriak, Bilbao Hiria Pop Rock lehiaketan

Erredakzioa

Orain arte dirua, musika materiala eta grabaketak lortu dituzte irabazleek. Aurtengo edizioan, gainera, beste zazpi sari berri ere emango dituzte, taldeek zuzeneko emanaldiak eskaini ditzaten.

Zabalik da jada Bilbao Hiria Pop Rock lehiaketaren 22.edizioan parte hartu ahal izateko epea. Aurten Bilboko musika lehiaketak zazpi sari berri estreinatuko ditu, eta bertan parte hartu ahal izateko orain arte zegoen 35 urteko muga kenduko du. Gainera, tendentzia berriak atalari izena aldatu diote, eta aurrerantzean beste tendentziak deituko da.

Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kiroletako zinegotzi Jon Sustatxak eman ditu jakitera gaur aldaketa hauek guztiak. Sustatxak gogoratu duenez, orain arte dirua, musika materiala eta grabaketak izan dira Bilboko musika lehiaketako sariak; baina edizio honetan beste zazpi sari berri ere egongo dira. Horrela, sari berri hauen irabazleek zuzenekoak eman ahal izango dituzte. Ez da aurtengo edizioko berrikuntza bakarra: garai batean tendentzia berriak atala zena beste tendentziak deituko da aurrerantzean. Aldaketa honen arrazoia ere azaldu du Sustatxak prentsaurrekoan: ''''hip-hopa bezalako estiloak erabat errotuta daude jada musika mundua'''', esan du. 35 urteko muga ere kenduko dute aurtengo ediziorako, baina taldekideek, batez beste, ezin izango dute zenbateko hori gainditu.

Musika esparruko profesionalek osatutako epaimahaiak 38 talde aukeratuko ditu, eta irailaren 23tik azaroaren 27ra bitartean zuzenean joko dute Bilborock aretoan. Sarrera doakoa izango da, eta bertara gerturatzen direnen artean 2011ko Bilbao BBK Live jaialdirako bonuak zozketatuko dituzte

Emanaldien ondoren epaimahaiak aukeratuko ditu finalean izango diren taldeak, epaimahai gaztearen eta publikoaren botoaren laguntzari esker. Joan den urtean ekin zioten publikoaren partehartzearen ekimenari, eta arrakasta ikusita, aurten ere errepikatu egingo dute.