Musika
Musika Hamabostaldia
‘Don Giovanni’ Mozarten lana Hamabostaldira bueltan, larunbatean
Agentziak | Erredakzioa
Donostiar jaialdian azkenengoz taularatu zenetik 27 urte pasatu direla, Kursaalera itzuliko da larunbatean, kontzertu dramatizatuko bertsioan.
-
Christopher Maltmanek egingo du pertsonaia nagusiarena
Donostiako Musika Hamabostaldiak “Don Giovanni” Mozarten lana berreskuratuko du larunbat honetan, 77. edizioan, azkenekoz jaialdian egon zenetik 27 urte pasatu direnean. Pertsonaia nagusiarena Christopher Maltman ingeles baritonoak egingo du, eta Irina Lungu eta Nicole Cabell sopranoek ere hartuko dute parte.
Donostiako jaialditik gogora ekarri dutenez, “Don Giovanni” Wolfgang Amadeus Mozarten lana 1787an estreinatu zuten, Pragan. Operak Don Juanen abenturak kontatzen ditu, eta 1989an eman zuten azkenekoz Hamabostaldian, jaialdiaren 50. edizioan.
Larunbatean helduko da berriro “Don Giovanni” Gipuzkoako hiriburura, 19:00etan, Kursaalera. Kontzertu dramatizatuko bertsioan eskainiko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Easo Abesbatzak, Manuel Hernandez Silva maisuak gidatuta.
Proposamena hainbat elementu dramatikoz janzteko arduraduna Salva Blota aktore eta eszenografo valentziarra izango da. Ahotsei dagokienez, paper nagusia Christopher Maltman ingeles baritonoak jokatuko du.
Horrez gain, beste hauek hartuko dute parte emanaldian: Nicole Cabell (Donna Elvira), Irina Lungu (Donna Anna), Daniel Giulianini (Il Comendatore), Jose Fardilha (Leporello), Toby Spence (Don Ottavio), Miren Urbieta (Zerlina) eta Jose Manuel Díaz (Masetto).