Itxi

Musika

Kalifornian

Itzali da Juan Gabriel izar mexikarra, 66 urte zituela

agentziak | erredakzioa

Grabazioaren Akademia Latinoaren arabera, 100 milioi disko baino gehiago saldu ditu munduan zehar, eta 1.500 abesti baino gehiago sortu.

  • Gabrielek kontzertua egin zuen orain dela bi egun Los Angelesen. Argazkia: EFE

    Gabrielek kontzertua egin zuen orain dela bi egun Los Angelesen. Argazkia: EFE

Juan Gabriel artista mexikarra hil da, bihotzekoak jota, Santa Monikan (Kalifornia), 66 urte zituela.

Hedabideen arabera, bertan 11:30 (20:30, Euskadin) zirenean hil da.

Alberto Aguilera Veladez (hori zen horren benetako izena) Paracuaron (Michoacan) jaio zen, 1950eko urtarrilaren 7an, eta gatazkatia izan zen haurtzaroan. Izan ere, 15 urte eman zituen haurrak hobetzeko zentro batean. 13 urte zituela sortu zuen lehen abestia, eta 1965ean egin zuen debuta, 'Noches Rancheras' izeneko telebista-saioan.

Gabrielek Mexikoren eta Latinoamerikaren historia markatu zuten hainbat abesti sortu eta abestu zituen; besteak beste, "Se me olvidó otra vez", "Con tu amor", "Amor eterno" eta "Así fue".

Hainbat musika generotan murgildu zen, mariachi, balada, ranchera, pop eta iparraldeko musika estiloetan, besteak beste, eta 'showman' handia izan zen oholtza gainean.

Mis 40 en Bellas Artes (bere azken diskoetako bat) kaleratu zuen 2014an, musikan murgilduta zeramatzan 40 urteak ospatzeko. Mexiko Hiriko Arte Ederren Jauregian egindako kontzertua grabatu zuen diskorako, eta, besteak beste, "Querida", "La diferencia", "Siempre en mi mente" eta "El Noa Noa" abestiak entzun daitezke bertan.

Grabazioaren Akademia Latinoaren arabera, 100 milioi disko baino gehiago saldu ditu munduan zehar, eta 1.500 abesti baino gehiago sortu.

Abeslari gisa ospea lortu zuen, baina musikagile eta beste izar batzuen produktore handia ere izan zen. Lola Beltran mexikarra, Paul Anka kanadarra eta Rocio Durcal espainiarra, horren adibide.

Hil baino ordu batzuk lehenago, Juan Gabrielek kontzertua eman zuen Los Angelesen, 'MeXXico es todo' biraren baitan. Hango hedabideen arabera, kontzertua zirraragarria eta energiaz betetakoa izan zen.

"Juan Gabrielen heriotza penagarria da, gure herrialdeko ikono handienetakoa izan da. Doluminak senide eta lagunei", esan zuen Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak Twitter sare sozialaren bidez.

Beste mezu baten, Mexikoko presidenteak esan zen Juan Gabriel "Mexiko ordezkatzen zuten ahotsa eta talentua" zela.

"Haren musika ondarea da munduarentzat. Oso goiz joan da. Goian bego", gaineratu zuen presidenteak 'Juarezko izarra' ezizenarekin ezagutu den artistari buruz.