Itxi

Musika

Bilbao Arte Portua

Zubin Mehtak zabalduko du Bilboko kontzertu handien zikloa

Agentziak | Erredakzioa

Indiar zuzendariak Euskalduna jauregian eskainiko duen kontzertuak Bilbao Arte Portua zikloa abiatuko du. Haren atzetik, Spivakov, Pogorelich, Rene Jacobs eta James Newton Howard etorriko dira.

Zubin Mehta indiar zuzendariak eta Maggio Musicale Fiorentino orkestrak Euskalduna jauregiak hartuko duen kontzertu handien zikloa irekiko dute irailaren 16an, kontzertu aretoak gaur iragarri duenez. Horrela, hirian azkenekoz jo eta hamar urtera itzuliko da Mehta Bilbora.

Hilaren 16ko kontzertuko programan, lan hauek joko dituzte: Franz Schuberten “Amaigabea” eta Anton Brucknerren 9. sinfonia re minorrean.

Bilbao Arte Portua

Horrez gain, Bilbao Arte Portua zikloan Vladimir Spivakov, Denis Matsuev, Ivo Pogorelich eta Rene Jacobsen kontzertuak ere egongo dira, baita James Newton Howard “Gose jokoak”, “Iheslaria” eta “Seigarren zentzua” filmen soinu banden egile eta Oscarretarako zortzi aldiz izendatuarena ere.

Newton Howard abenduaren 7an egongo da Bilbon, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Fernando Velazquez bizkaitar konposatzailearekin batera. Spivakov biolinista eta zuzendariaren txanda urriaren 23an izango da, Denis Matsuevek otsailaren 4an taularatuko du Euskaldunan Rachmaninoven errepertorioa eta Ivo Pogorelichek apirilaren 30ean joko du Bilbon.

Azkenik, zikloaren azken emanaldian, Rene Jacobsek Helsinkiko Orkestra Barrokoa eta Sophie Karthauser sopranoa zuzenduko ditu.