Itxi

Musika

Kontzertua

Vienako Haur Kantariek Baluarteko denboraldia zabalduko dute

Agentziak | Erredakzioa

Musika klasikoko munduko haur abesbatza ospetsuenak Haydnen bizitzan garrantzi berezia izan zuten hiru herrialdetako musika eskainiko du.

  • Bigarrenez arituko da taldea Baluarten

    Bigarrenez arituko da taldea Baluarten

Baluarte Fundazioaren “2016ko urria-2017ko urtarrila” denboraldia gaur hasiko da, astelehenarekin, 20:00etan. Vienako Haur Kantariek abiatuko dute, Iruñeko aretoan, udazkeneko kontzertu errenkada.

Iruñeko emanaldian, musika klasikoaren inoizko haur abesbatzarik entzutetsuenak “Bidaia Haydnekin” ikuskizuna eskainiko du, vienar konpositorearen bizitzan berebiziko garrantzia izan zuten hiru herrialdetako (Austria, Hungaria eta Ingalaterra) musika aurkeztuko duen programa.

Jimmy Chiang maisuak, 2013tik abesbatza zuzentzeko arduradunak, gidatuko du emanaldia. Vienako Haur Kantariek bigarren aldiz kantatuko dute Iruñean, 2007an toki berean aritu baitziren, Baluarten bertan, sarrera guztiak saldu eta gero.

Gaurko kontzerturako sarrerak 36, 28 eta 18 euroan daude salgai, eta betiko bideetatik eskura daitezke: Baluarteko leihatilak, webgunea eta 902 15 00 25 telefono zenbakia. Baluarte Gaztea baliatuz gero, berriz, 11, 8 eta 5 euroan jaso ahalko dira.

Vienako Haur Kantariak Europan tradizio handia duen taldea da. 1498an, Maximiliano I.ak gortea Vienara eraman zuen, musikariak eta abesbatza barne, eta musikari handiak erakarri ditu ordutik Austriako hirira: Mozart, Salieri, Bruckner… Joseph Haydn, Michael Haydn eta Franz Schubert abesbatzako kideak izan ziren.

Vienako Haur Kantarien abesbatzak 1.000 bira baino gehiago egin ditu, 97 herrialdetan, eta 27.000 kontzertu baino gehiago eman ditu.