Itxi

Musika

Kontzertu solidarioa

Miguel Riosek erretinosi pigmentarioaren aurka abestuko du, Donostian

Agentziak | Erredakzioa

Granadako musikariarekin batera, Sherpa Baron Rojo taldeko kide ohia eta Kutxi Romero (Marea) igoko dira Victoria Eugenia antzokiko oholtzara, abenduaren 5ean.

Miguel Rios, Baron Rojoko kide izandako Sherpa, Kutxi Romero (Mareako kantaria), Fernando Mosquera gaita-jotzailea eta Antonio Domingo musikari eta pedagogoa Ibon Casasekin elkartuko dira, rocker horrek dameTVision kultur elkartearekin batera erretinosi pigmentarioaren kontra daraman borrokan.

Abenduaren 5eko arratsaldeko zortzietatik aurrera, artista horien kanta mitiko batzuen bertsio berriak izango dira publikoaren gozagarri; abesbatza handi batek eta big band batek ere hartuko dute parte, denek ere Juanjo Ocon musikari eta zuzendari donostiarraren aginduetara.

Kontzertua amaitzeko, Ibon Casasen “Apaga la luz y verás” kanta abestuko dute agertokian artista eta musikari guztiek.

Arevalo eta Oscar Terol umoregileak arduratuko dira ekitaldia gidatzeaz, Maria Jose Acevedo kazetariarekin batera, eta jaialdirako sarrerak salgai daude dagoeneko, 35, 25 eta 18 euroan.

Stevie Wonder

Ibon Casas Los Angelesera joango da Stevie Wonderrekin elkartu eta hark bere irudiaren bidez kausa honi lagundu diezaion eskatzeko. Desafio horri erantzuteko, dirua behar dute Casasek eta bereek, eta horregatik antolatu dute kontzertua, bilduko den diru guztia bidaiaren eta dokumentalaren postprodukzio eta zabalkunde gastuak ordaintzeko erabiliko baita.