Musika
Jazarpenaren aurka
Maider Legarretak Zentsura At! jaialdiko musika eskaintza abiatuko du
Agentziak | Erredakzioa
Galdakoztarrak eskola jazarpenaren, berak pairatu zuen gaitz baten, aurkako kontzertu didaktikoa eskainiko du. Gainera, Los Chikos del Maíz, Victor Heredia eta Valentina Lisitsa ere arituko dira.
Zentsura At! jaialdiaren bederatzigarren edizioak Maider Legarreta galdakoztar musikariak eskola jazarpenaren aurka egingo duen kontzertu didaktiko baten bidez zabalduko du musika eskaintza. Hilaren 9an (Bilboko BBK Aretoa, 12:00) eta 11n (Getxoko Andres Isasi musika eskola, 12:30) arituko da Legarreta.
Kontzertuaren antolatzaileek azaldu dutenez, “lehenengo pertsonan kantatutako gainditze mezua” da emanaldia, “bullying deritzon makurkeria hori gertu daukaten gazteentzat egokia, hori atzean utz daitekeela erakusten baitu”.
Maider Legarretak “The Road” bere lehen diskoa aurkeztuko du, eta ikasgelan “baztertuta eta zapalduta” egonik bizi izan zuen “amesgaiztoa” kontatuko du bertatik bertara.
Los Chikos del Maíz
Ostegunean, azaroak 10, Los Chikos del Maiz izango da jaialdiaren beste musika hitzordu baten protagonista. Valentziako rap taldeak, konpromiso politiko handiko bikoak, Bilboko Kafe Antzokian joko du, 21:30ean.
Bestalde, Victor Heredia kantautore argentinarrak, “bere herrialdeko herri musikaren artista nabarmenetako batek”, BBK Aretoan eskainiko du kontzertua, azaroaren 11n.
Halaber, BBK Aretoan bertan, azaroaren 12an, larunbatarekin, Valentina Lisitsa arituko da, “Youtuben agertu den musika klasikoaren lehen izarra”.