Itxi

Musika

Musika Bulegoaren sariak

Juanjo Mena, Angel Unzu, Amorante eta Rural Zombies sarituko dituzte

N.V. | eitb.eus

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak musikari eta talde horien eta Audiolab elkartearen lana sarituko du bere sarien lehen edizioan. Azaroaren 24an emango dizkiete sariok, Bilbon.

  • Juanjo Mena gasteiztar orkestra zuzendariak irabazi du EHMBaren sarietako bat

    Juanjo Mena gasteiztar orkestra zuzendariak irabazi du EHMBaren sarietako bat

Juanjo Mena orkestra zuzendariak, Angel Unzu eta Amorante musikariek, Rural Zombies taldeak eta Audiolab kultur elkarteak irabazi dituzte Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearen sariak.

Iñigo Argomanizek, Jon Baguesek, Joseba Cabezasek, Aintzane Camarak, Yahve M. de la Cavadak, Mikel F. Kruzagak, Ainara Legardonek eta Edurne Ormazabal EITBko Arlo Komertzialeko zuzendariak osatutako epaimahaiak ebatzi du sariak nork jasoko dituzten, 65 hautagairen artean, eta irabazleek azaroaren 24an jasoko dituzte golardoak, 19:00etatik aurrera Bilboko Kafe Antzokiak hartuko duen ekitaldi batean.

Epaimahaiak lana sortu, interpretatu eta ekoizteko jardunari (ikerketa, interpretatzeko teknika, lana konposatzeko teknika, grabazioa…) erreparatu dio nagusiki, baita, jakina, azken emaitzari ere, eta horretan oinarrituta aukeratu dituzte Juanjo Mena, Angel Unzu, Amorante, Rural Zombies eta Audiolab.

Juanjo Mena Berlingo Orkestra Filarmonikoa zuzentzen egindako lanagatik, Angel Unzu “Duos” diskoagatik, Rural Zombiesi “Bat” diskoagatik eta Amorante “Amorante” diskoagatik aukeratu dituzte.

Bestalde, Musika Bulegoaren sariek beste aitorpen bat ere aurreikusten dute, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak berak zuzenean emana, musikaren beste esparru batzuekin lotutako ekimen bat nabarmentzeko, eta Audiolab kultur elkartearentzat izango da aurten, “soinu ikerketaren esparruan egiten duen lan etengabeagatik eta garatutako egitasmo ugariengatik”.

Saridunetako bakoitzak 3.000 euro jasoko ditu, baita Fernando Mikelarena eskultoreak egindako eskultura bat ere.